Eibar Igerixaneko 15 ordezkari izan ziren parte hartzen 32. San Juan Sarian

0    Kirolak 
ETA KITTO ETA KITTO
Eibar Igerixaneko 15 ordezkari izan ziren parte hartzen 32. San Juan Sarian
ETA KITTO 2021, Eka 15

Bederatzi emakumezkok eta sei gizonezkok osatu zuten Eibar Igerixaneko ordezkaritza aurreko zapatuan Ipuruako igerilekuan jokatutako  San Juan Sariaren 32. edizioan. Lau izan ziren jokatu ziren probak, laurak ere 50 metroko distantzian: tximeleta, bizkar, bular eta librean. Infantiletan Iker Calvok lau probak irabazi zituen, Maddi Maguregi bigarren izan zen bi probatan, Igor Ruiz bigarren eta hirugarren postu bana lortu zuen eta Malen Beobide hirrugarren izan zen bitan; eta junior eta seniorrei dagokienez, Miren Galdosek hiru bigarren postu eskuratu zituen. Aipatutako maila guztietako sei lehenengoek 200 estilo MIX finaletan hartu zuten parte eta hor ere bikain aritu ziren eibartarrak: infantiletan Iker Calvo eta Maddi Maguregi irabazle izan ziren eta Igor Ruiz eta Malen Beobide hirugarren, junior-seniorretan Miren Galdos bigarren sailkatzen zen bitartean.

Txapelketan Eibar Igerixaneko igeriketa artistikoaren taldeak erakustaldi bikaina eskaini zuen eta, azkenik, 4×100 estiloen neska-mutil erreleboen txandan, eibartarrak nagusi izan ziren infantiletan eta bigarren sailkatu ziren junior-seniorretan. Bestalde, San Juan Sarian ohikoa denez, errekonozimendua jaso zuten maila bakoitzeko bi igerilari onenek: kasu honetan, Iker Calvo eta Maddi Maguregi izan ziren infantiletan eta Asier Gomez eta Miren Galdos junior-seniorretan.

Gure herritik kanpo, Gipuzkoako Igeriketa Federazioak Lasarten antolatutako marken kontrolean, Paula Calvo onena izan zen 100 bizkarrean eta 200 librean. Bihar lehiatzen izango dira berriro gure herriko igerilariak, honako honetan Oñatiko Zubikoa kirolegian jokatuko diren Gipuzkoako infantil, junior eta absolutu mailako txapelketean.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »