Eibar Igerixaneko Iker Calvok gutxienekoak lortu ditu Espainiako txapelketarako

Eibar Igerixaneko Iker Calvok gutxienekoak lortu ditu Espainiako txapelketarako
2020/03/05 09:03
eta kitto!
Aurreko asteburuan Oviedoko Parque del Oeste igerilekuan jokatutako VI. Espainiako Autonomia Selekzioen Txapelketan izan zen Eibar Igerixaneko ordezkaria alebinen mailako euskal selekzioarekin. Iker Calvok bere orain arteko denborak hobetu zituen eta, horrez gain, 400 estiloan, 100 bizkarrean eta 100 eta 200 librean gutxienekoak lortu zituen Espainiako txapelketetan parte hartzeko. Euskal selekzioa osatu zuten 19 igerilariek lan bikaina egin zuten, azkenean seigarren postuan sailkatzeko, eta eurekin izan ziren hiru entrenatzaileen artean Deyane Hernandez eibartarra ere han izan zen, Rufino Regueira (Bidasoa XXI) eta Marta Redondorekin (Judizmendi) batera.

Bestalde, aurreko zapatuan Iruñako Amaya Kirol Esparruan jokatutako VI. C.D. Amaya Sarian Eibar Igerixaneko bederatzi igerilarik hartu zuten parte, eurentzat 50 metroko igerilekuan lehiatzeko estreinaldian. Debut eguna izanda ere, Maddi Maguregik bigarren postua eskuratu zuen 200 estiloetan. Han izan ziren beste taldekideak honakoak izan ziren: Maialen Gomez, Malen Beobide, Iraia Oruezabal, Igor Ruiz, Asier Gomez, Kai Zubiaurre, Roke Etxeberria eta Ruben Torres.