Eibar KE-k igoera fasea jokatzea ziurtatu du Kordobari irabazita

Eibar KE-k igoera fasea jokatzea ziurtatu du Kordobari irabazita
2023/05/08 eta kitto!
RFEF 1. Mailan jokatzen duen Eibar KE-ko emakumezkoen lehen taldeak 2-0 irabazi zion Kordobari atzo eguerdian Unben eta, emaitza horrekin, 1. Mailara igotzeko azken fasean izango dela ziurtatu zuen. Lehen zatiko 23. minutuan Carlak norgehiagoko lehen gola sartu zuen, Valentina Moralesek erdiratutako kornerra nuruz errematatuta. Handik 10 minutura Esperanza Pizarrok bigarrena sartu zuen penaltiz.

Garaipen horrekin, eta liga amaitzeko azken jardunaldiaren faltan, Yeray Martinen taldeak igoera zuzena emango liokeen postuari eusten dio. 1. Mailara igotzeko play-offa jokatzea ziurtatzen dion lorpen horri, dena dela, azken ginga jartzea faltako litzaioke Eibarko taldeari igoera zuzena lortuta, eta horretarako lan zailak izango ditu. Une honetan Eibar, Deportivo eta Osasuna berdinduta daude eta hirurek kanpoan jokatuko dituzte euren partiduak: Eibarrek justu euren atzetik, hiru puntura, dagoen Granadaren zelaian jokatuko du domekan, 12:00etan hasita; Deportivok Logroñon izango du partidua eta Osasunak Cacereñoren zelaian.