Eibar KE-k Lehen Mailan jokatuko du datorren urtean

Eibar KE-k Lehen Mailan jokatuko du datorren urtean
2023/05/15 16:23
eta kitto!
Emakumezkoen Eibar KE Lehen mailakoa da berriz ere, ia maila galdu ondoren. Armaginek 0-0 berdindu zuten Granadaren aurka eta, Deporrek Logroñon bere partidua hutsean amaitu eta Osasunak Cacareñoren aurka 1-0 galdu eta gero, sailkapeneko bigarren postuan amaitu dute, 53 punturekin, Bartzelona B-ren atzetik. Horrela, kataluniarrak mailaz igo ezin direnez (Bartzelonaren lehen taldea dagoelako Lehen Mailan), eibartarrak dira mailaz zuzenean igotzeko txartela lortu dutenak.

Oso lehia bizia egon da denboraldi osoan zehar, talde asko egon baitira puntu gutxiren baitan lehenengo sailkatuen artean. Eibar denboraldi hasieratik egon da goiko postuetan, maila ona erakutsiz, baina kategorian dagoen berdintasuna nabari dute azkenengo momentura arte.

 

Harrera udaletxean

Foballariek zaletuen harrera beroa jaso zuten atzo Granadatik bueltan, baina bihar eibartar guztien beroa jaso ahal izango dute. Izan ere, 19:30ean, udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoan alkateak eta udal-taldeetako bozeramaileek harrera egingo diete jokalariei eta teknikariei.

Alkatearen, Eibarko presidentearen eta taldeko kapitainaren hitzaldiaren eta oroimenezko oparien trukearen ondoren, igoerako protagonistak udaletxeko balkoira irtengo dira, Untzaga plazan biltzen diren pertsonen omenaldia eta txaloak jasotzeko.

Emakumezkoen taldea omentzeko ekitaldiek larunbatean izango dute jarraipena, gizonezkoen lehen taldeak Ipuruan Sportingen aurka jokatuko duen partiduan.