Eibar Rugby Taldea Top4-an sartzeko partidua du etzi Unben

Eibar Rugby Taldea Top4-an sartzeko partidua du etzi Unben
2022/03/25 eta kitto!
Ohorezko Mailan jokatzen duen Eibar Rugbyko emakumezkoen taldeak A Coruñako CRAT izango du aurkari domeka eguerdian, 12:00etan hasita, Ligako azken jardunaldian. Aurreko asteburuan Cisnerosekin Unben bertan 21-27 galdu eta gero, Top4 Liga irabazteko finalerdietan sartzeko azken aukeraren aurrean daude eibartarrak; dena dela, irabazita ere, Olimpico Pozuelo eta Cisnerosen arteko partiduaren emaitzaren zain egon beharko dute. Olimpicok galtzea komeni zaie Eibar Rugbykoei: Majadahonda, Cocos Sevilla eta Cisneros sailkatuta daude dagoeneko.

Ohorezko B Mailako gizonezkoen taldeak, bestalde, Zarautzen jokatuko du bihar, 16:00etatik aurrera. Eibartarrek zortzi partidu irabazi dituzte jarraian eta hurrengoaren bila zelairatuko dira Aritzbatalden.