Eibar Rugby Taldeak galdu egin du Euskal Ligako lehen jardunaldian

Eibar Rugby Taldeak galdu egin du Euskal Ligako lehen jardunaldian
2021/01/11 eta kitto!
Avia Eibar Rugby Taldeko bi talde nagusien partiduak bertan behera laga zituzten elurrarengatik, baina nesken bigarren taldeak denboraldiko lehen partidua jokatu ahal izan zuen zapatu arratsaldean. Euskal Ligako lehen jardunaldian, eibartarrek Bera Bera hartu zuten Unben, elurpean, eta aurpegia eman arren, 19-26 galdu zuten.

Eibar Rugby Taldeko hainbat jokalarirentzat bizitzako lehen partidua izan zen eta lan txukuna egin zuten. Sasoi batean taldea osatzeko zailtasunak izaten baziren ere, askotan beste herrietako klubekin batzera derrigortuta egoteraino, azken aldian guztiz kontrakoa gertatu da gurean eta errugbiarekiko zaletasuna asko igo da Eibarko emakumezkoen artean. Horrela, Ohorezko A mailako Iberdrola Ligan jokatzen duen taldearekin batera, Avia Eibar Rugbyko bigarren taldeak dagoeneko hogei fitxa ditu.

 

Babalwa Latsha Hegoafrikatik irten ezinik

Ohorezko A mailako taldeari dagokionez, joan den denboraldian maila handia erakutsi zuen Babalwa Latsha jokalari hegoafrikarrak ezin izango du Eibar Rugby Taldean jokatu aurten. Urtarrilean etortzekoa zen, baina pandemiak eragindako egoeraren ondorioz, ezin da Hegoafrikatik irten, mugak itxi dituztelako.