Eibar Rugbyko lehen taldeek Madrilen eta Elorrion jokatuko dute asteburuan

Eibar Rugbyko lehen taldeek Madrilen eta Elorrion jokatuko dute asteburuan
2023/03/10 13:28
eta kitto!
Ohorezko Mailan jokatzen duen Eibar Rugbyko emakumezkoen talde nagusiak Olimpico Pozuelo taldeari egingo dio bisita domeka eguerdian, 12:00etan hasiko den partiduan, bertako Valle de las Cañas zelaian. Patricia Guntinek zuzentzen duen Eibarko taldeak garaipen garrantzitsua eskuratu zuen aurreko asteburuan Unben jokatutako partiduan El Salvador taldeari 40-12 nagusituz. Horrela, laugarren postuan sailkatu da denboraldiaren lehen fase honetako Liga amaitzeko hiru jardunaldi besterik falta ez direnean.

Euskal Herriko Ohorezko Mailan jokatzen duen gizonezkoen lehen taldeak, bestalde, Sarako Izarrari irabazi zion 27-0 aurreko asteburuan Unben eta hirugarren da sailkapenean. Hori bai, asteburu honetan ez du lan errazik izango, Betsaide Elorrio sailkapeneko liderrari egin behar baitio bisita zapatu arratsaldean, 16:30etik aurrera San Roken jokatuko den neurketan.