Eibarko Mendi Itzulia egingo da zapatuan

Eibarko Mendi Itzulia egingo da zapatuan
2021/06/01 08:59
eta kitto!
Bi urtetik behin egiten den ibilbide enblematikoak, Eibarko Mendi Itzuliak, bere 22. edizioa biziko du zapatuan, ekainaren 5ean. “Pandemiako egoera hobetzen doanez, eta guztion elkarlana eskatuz, mimo handiz prestatu dugu egun hori”, dioskue batzordekoek.

Orain arte hainbat ekintza eta irteera bertan behera laga eta gero, ekitaldi berezi horrek, ohikoa denez, bi aukera eskainiko die parte-hartzaileei: ibilbide osoa egin daiteke (37 kilometro eta erdi, 2.350 metroko desnibelarekin) eta baita erdia ere (20 kilometro eta 1.200 metroko desnibela).

Parte hartzeko ez da izen-ematerik egin behar eta kamisetak salgai daude Deporren, 7 eurotan. Antolatzaileek jarraibide batzuk prestatu dituzte: irteera 07:00etan izango da Deporren, eta T. Etxebarria kalean gehienez sei laguneko taldeak egingo dira. Irteera mailakatua egingo da pilaketarik ez egoteko eta, korrikalarientzat izan ezik, beste guztientzat irteera neutralizatua izango da Olarreagaraino. Ibilbidea puntu horiekin, zintarekin eta seinaleekin markatuta dago eta ohiko ibilbidean aldaketa txiki batzuk egin dituzte. Bi anoa postu egongo dira: bata Asurtza auzoko Santiago ermitan eta bestea Arrateko santutegian. Ibilbidearen erdia bakarrik egin nahi duenak Azitain auzoan amaitu dezake. Bestalde, klubeko taberna zabalik egongo da eguerditik aurrera, itzulia egin eta gero zerbait hartu nahi duten guztientzat.

eibarko mendi itzulia