Eibarko Txirrindulari Elkarteak urteko batzar nagusia egin du

Eibarko Txirrindulari Elkarteak urteko batzar nagusia egin du
2021/01/11 eta kitto!
Zapatuan egin zuen urteko batzarra Coliseo antzokian Eibarko Txirrindulari Elkarteak. Hasteko, Angel Lopez presidenteak hildako bazkideak gogoratu zituen eta, jarraian, zorigaiztoko urteari errepasoa eman zion: Zaldibarko zabortegiaren hondoratzearen ondorioz denboraldiko lehen lasterketa, Udaberri Saria bertan behera geratzekotan egon zela hasi eta, jarraian, COVID-19ak eraginda, aurreikusita zeuden ia lasterketa guztiak egin barik laga behar izan zituztela gogorarazi zuen. Salbuespena Valenciaga Memoriala izan zen, eta hori ere urrira atzeratu behar izan zuten. Ondoren, presidenteak 2021erako jarduera-proposamenak aurkeztu zituen, “pandemiaren garapenari murrizketen arabera, unean unekoak” antolatuko dituztela aurreratuta. Jon Kruzealegi diru-zainak hartu zuen hitza jarraian eta 2021erako aurkeztu zuen aurrekontu-proposamena aho batez onartu zuten bazkideek. Eta, amaitzeko, zuzendaritza batzorderako hautagaitza berririk aurkeztu ez denez, horrela osatuta geratu da: Angel Lopez (presidentea), Juan Carlos Santos (presidenteordea), Joxemari Guerra (idazkaria) eta Jon Kruzelaegi (diruzaina).

Batzarra amaitu baino lehen, zikloturista-lizentziak berritzeko bazkideek Eibarko Txirrindulari Elkartearen bulegora jo dezaketeela jakinarazi zuten: urtarrilean eta otsailean, eguaztenetan egingo dituzte tramiteak, 19:00etatik 20:00etara. Honi buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, GTXE Gipuzkoako federazioaren web orrian begiratu daiteke.