Eibartarrak gorenean Gipuzkoako hiru-txirlo txapelketako sailkapenean

Eibartarrak gorenean Gipuzkoako hiru-txirlo txapelketako sailkapenean
2023/03/21 eta kitto!
Asola Berriko Gari Rodriguez eta Bergarako San Joxeperekin parte hartzen duen Mikel Urkia eibartarrak daude 52. Gipuzkoako hiru-txirlo txapelketako sailkapenaren lehenengo bi postuetan. Gari Rodriguezek 11 txirlo ditu eta Mikel Urkiak bat gutxiago; zortzirekin Floreagako Gorka Etxaniz eta bigarren tiraldian irabazi zuen San Migueleko Xabier Loiola daude, Asola Berriko Pedro Gomezekin batera; eta zazpirekin Asola Berriko hirukote batek jarraitzen diete, Bittor Ugarteburuk, Alex Camposek eta Sergio Rodriguezek osatutakoak, hain zuzen. Taldekako sailkapenean, bestalde, Asola Berri A taldea oso aurretik jarraitzen du, San Miguel A bigarrenari 11 txirloko aldea aterata.

Zapatuan Bergarako San Joxepen jokatutako txapelketako bigarren jaurtialdian 62 bolarik hartu zuten parte eta San Migueleko Xabier Loiola oso nagusi izan zen, zortzi txirlorekin, San Joxepeko Mikel Urkia eta Elgetako Sebas Aranzabalen aurretik, horiek bostekin, eta lau txirlorekin geratu zirenen artean izan zen baita Bittor Ugarteburu eibartarra ere. Zapatuan jokatuko den hirugarren tiraldia Azkoitiko Floreaga bolatokian izango da, betiko lez, arratsaldeko 17:00etan hasita.