Emakumezkoen Eibarko Hiria Sari Nagusiaren hirugarren edizioa aurkeztu dute

Emakumezkoen Eibarko Hiria Sari Nagusiaren hirugarren edizioa aurkeztu dute
2021/05/05 eta kitto!
Gaur eguerdian aurkeztu dute Emakumezkoen Eibarko Hiria Sari Nagusia udaletxeko pleno aretoan. UCI mailako txirrindularitza lasterketa profesionala Eibarko Txirrindularien Elkarteak antolatzen du eta iaz ezin izan zen egin, pandemiarengatik. Hirugarren edizioa aurkezteko gaur egin duten ekitaldian Jon Iraola alkatea, Patricia Arrizabalaga Berdintasun zinegotzia, Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolen zuzendaria, Harkaitz Millán Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Kirol, Gazteria eta Turismoko diputatua, Angel Lopez Eibarko Txirrindularitza Taldeko presidentea, Beñat Urain txirrindulari ohia eta probaren antolatzailea eta Juanjo Urain Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioko presidentea egon dira eta guztiek azpimarratu dute emakumeek benetako berdintasuna lortzeko bidean horrelako ekimenek duten garrantzia.

Lasterketa maiatzaren 16an, 10:00etan hasiko da Eibarren eta probak 117 kilometroko ibilbidea izango du: Eibar-Soraluze-Bergara-Zubillaga-Oñati-Legazpi-Zumarraga-Azkoitia-Azpeitia-Zestoa-Arroa-Itziar-Deba-Mendaro-Elgoibar-Eibar-Arrate. Tartean hiru mendate igo beharko dituzte txirrindulariek: Udanako gaina (3. maila); Itziarko gaina (3. maila); eta Usartzako gaina (1. maila).

Bestalde, gogorarazi dutenez, oraindik pandemian gaude eta, beraz, lasterketa publiko barik egingo da. Hori dela eta, jendeari egun horretan ibilbideak zeharkatzen dituen errepideetara ez joateko deia egin dute. Gainera, proba zuzenean jarraitu ahal izango da, streaming bidez, Eibarko Txirrindulari Elkartearen webgunean. Gaurko aurkezpena ere streaming bidez eman dute eta, nahi izanez gero, bideoan ikusteko aukera daukazue.