Emakumezkoen eskubaloiko Superkopa Eibarren jokatuko da

Emakumezkoen eskubaloiko Superkopa Eibarren jokatuko da
2019/07/12 10:56
eta kitto!
Ipurua kiroldegiak emakumezkoen eskubaloiko XX. Superkopa jasoko du abuztuaren 31an, 18:30ean, eta Teledeporte telebista kateak zuzeneko emanaldia eskainiko du. Rocasa Gran Canaria eta Super Amara Bera Bera taldeek jokatuko dute neurketa, hau da, Liga Guerreras Iberdrola eta Erreginaren Kopako txapeldunek, hurrenez hurren.

Eibar Eskubaloiak antolatuko du ekintza hau eta, euren ustez, “kirol ikuskizun handi bat ikusteko eta hirian emakumezkoen eskubaloia sustatzeko aukera izango da”. Gaizka Bilbao Eibar Eskubaloiko presidenteak gogoratzen du Eibarrek beti izan duela tradizio handia eskubaloi munduan. “Zaletuek ekimen hau babestuko dutela uste dut eta Etxeberria eta Arrojeria jokalari gipuzkoarrak, Arderius, Castellanos, Cesareo eta Silvia Navarro internazionalak, eta Mirene Moreno ermuar gaztea zuzenean ikusteko aukera egongo da”. Eibar Eskubaloiari dagokionez, klubak harrobian lan ona egiten diharduela dio, “asko hazten ari da”.

Partiduaz gain, Espainiako Eskubaloi Federazioaren gala jasoko du Eibarrek eta, bertan, joan den denboraldiko zazpiko onena, jokalari onena, goleatzaile nagusia, defentsa onena, etorkizun onena duena jokalaria, entrenatzaile onena eta epaile bikote onena sarituko dute.