Errugbi 7ko Erreginaren Kopa hartuko du Unbek asteburuan

Errugbi 7ko Erreginaren Kopa hartuko du Unbek asteburuan
2023/05/25 16:59 eta kitto!
Asteburuan, zapatuan eta domekan, Unbek Errugbi 7ko Erreginaren Kopako bigarren jardunaldia hartuko du, estatuko errugbi modalitate horretako talde onenen parte-hartzearekin. 12 taldek dihardute lehian hiru serietan banatutako txapelketa horretan. Aurreko asteburuan Valladoliden jokatutako lehenengoan eibartarrek Cisnerosi eta Turiari irabazi zieten, ondoren Universidad de Sevillarekin galdu eta bosgarren amaitzeko une honetako sailkapenean. Asteburu honetakoaren ondoren, azken jardunaldia Madrilen jokatuko dute ekainaren 10/11ko asteburuan.

Atzo egin zuten Eibakoaren aurkezpena udaletxean eta bihar, 19:30etik aurrera, harrera egingo zaie kanpotik datozen talde guztiei Untzagan. Bestalde, zapatuko egitarauak partiduak hartuko ditu 10:00etan hasi eta 17:45era arte, horren ondoren musika jaialdiaz gozatzeko 19:30ak arte. Domekan, azkenik, partiduak 09:00etan hasiko dira eta 16:45ean amaituko, gero sariak banatu eta musikarekin jarraitzeko.

Sant Cugat, Turia, Hortaleza, ADI Industriales, Universidad de Sevilla, Jabatas de Mostoles, Sanse Scrum, Energimac Majadahonda, CRAT Residencia Rialta, complutense Cisneros eta Olimpico Pozuelo dira parte hartuko duten taldeak eta partidu guztiak 14 minutura jokatuko dira. Guztira zapatuak 18 norgehiagoka hartuko ditu eta domekak beste 16. Emakumezkoen errugbi onenarekin gozatzeko aukera izango da, beraz, doaneko sarrera eskainiko duen lehiaketan. JARDUERAREN EGITARAU OSOA HEMEN.