Eskola Kirol Egokitua programarako izen-ematea barixakuan hasiko da

0    Kirolak 
ETA KITTO ETA KITTO
Eskola Kirol Egokitua programarako izen-ematea barixakuan hasiko da
ETA KITTO 2021, Aza 10

Dibertsitate funtzionala duten eskola-adineko haurrei kirola egitea errazteko programa martxan ipintzeko lanean dihardute Udalak, Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak. Gaur goizean horren berri emateko egin duten prentsaurrekoan azaldu dutenez, Eskola Kirol Egokitua (EKE) programa behin betiko abiatzeko asmoz elkarlanean ari dira hiru erakundeak maiatzaz geroztik, Udalak gurasoekin hainbat bilera egin eta gero horrelako programa baten premia zegoela ikusi baitzuen. Esan dutenez, herriko familien aldetik eskaria egon badago, “gaur egungo eskola-kirolaren eredua ez baita dibertsitate funtzionala duten ikasleen premietara egokitzen” eta, beraz, haur horiek ezin dute kirolik egin.

Hortik abiatuta, bi arlotan eragiteko lanean hasi dira: “Alde batetik, eta epe ertainera begira, programa honen funtzionamendu-eredua berraztertzea planteatzen da, inplikatutako erakundeekin eta herriko guraso-elkarteekin koordinatuta, azken horiek baitira, azken batean, jarduera horiek diseinatu eta antolatzen dituztenak. Eta epe laburrean, eredua zehaztu bitartean, eta haur horiek beren beharretara egokitutako kirol-jarduerak egiten has daitezen, Udalak izena emateko epe bat jarri du abian, interesa duten gurasoek beraien seme-alabak inskribatu eta taldeak osatu ditzaten, umeak ikasturte honetan bertan kirol egokitua egiten hasteko aukera izateko”.

Kirol Egokituen Federaziotik adierazi dutenez, “dibertsitate funtzionalak oso esparru zabala hartzen du bere baitan, era guztietako desgaitasun fisiko zein psikikoak tartean. Horregatik da oso garrantzitsua izena ematea, egon daitezkeen zalantzak argitu, taldeak antolatu eta bakoitzaren premietara egokitutako erantzuna eman ahal izateko”.

Familiek izena emateko epea barixakuan zabaldu eta azaroaren 26an amaituko da. Ipurua kiroldegian eman daiteke izena, zuzenean bertara joanda edo, bestela, 943 20 32 40 telefono zenbakira deituta.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »