Eskozia La Bravak Logroñon jokatutako Peñen arteko XIV. edizioa bereganatu zuen

Eskozia La Bravak Logroñon jokatutako Peñen arteko XIV. edizioa bereganatu zuen
2022/07/19 eta kitto!
U.D. Logroñes taldearen Resaca Blanquirroja peñak antolatuta, Errioxako hiriburuan jokatutako Peñen Arteko Torneoaren 14. edizioan eibartarrek txapela jantzi zuten. Eskozia La Brava, gainera, lehen aldiz gailendu zen 2007an sortu eta orain arte urtero jokatu den torneoan. Torneoarekin hasteko, barixakuan elkarretaratzea egin zuten Logroñoko Laurel kale ospetsuan, ehundik gora lagunek parte hartu zuten ekitaldian. Aipatutako bi peñekin batera, C.D. Leonesaren Ciudad de León, Burgos C.F.ren La Kuadrilla eta Getafe C.F.-ren Sección Pollos peñek hartu zuten parte torneoan. Aurreko edizioetan peña gehiago izan ziren parte hartzen, baina oraingoan pandemiak eragindako ondorioek asko murriztu dute parte-hartzaileen kopurua; hala ere, hurrengo edizioan normaltasunera itzultzea espero da. Hori dela-eta, kanporaketak jokatu beharrean, oraingoan guztiek guztien aurka jokatuko luketen ligaxka antolatu zuten.

Partidu guztiak zapatuan jokatu ziren, goiz eta arratsalde, La estrella udal zelaian. Eskozia La Bravak 5-3 irabazi zion Sección Pollos-i, 5-4 Ciudad de León taldeari eta 4-3 etxeko Resaca Blanquirrojari, La Kuadrillarekin bina berdintzeaz aparte. Eibartarren artean Aitor Cañaveras eta Alvaro Fernandez izan ziren goleatzaile nagusiak, lau golekin, Ibon Romerok hiru sartu zituen, Yeray Arostegik bi eta banarekin geratu ziren Iker Fernandez, Yeray Martinez eta Iker Cañaveras. Eskozia La Brava txapeldunak 10 punturekin amaitu zuen, bederatzirekin geratu zen Ciudad de León, zazpi lortu zituen La Kuadrillak, Resaca Blanquirrojak hiru eskuratu zituen eta puntu barik geratu zen Sección Pollos.

Behin sariak banatuta, torneoko afari ofizial egin zuten La Terraza jatetxean. Urtearen amaieran erabakiko dute, bestalde, Peñen Arteko Torneoaren XV. edizioa non jokatuko den.

peña guztiak