Espainiako Itzuliak trafiko aldaketak eragingo ditu bihar

0    Kirolak 
ETA KITTO ETA KITTO
Espainiako Itzuliak trafiko aldaketak eragingo ditu bihar
ETA KITTO 2020, Urr 19

Udaltzaingotik jakinarazi dutenez, martitzenean Espainiako Itzuliaren lehen etapa Eibarren amaituko dela-eta, hainbat aldaketa egongo dira trafikoan. Etapa eguerdian abiatuko da Irundik eta Arrateko helmugara 17:00etan ailegatzea dago aurreikusita. Lasterketa 16:29an pasatuko da Eibartik lehen aldiz eta 17:00etan bigarrenez, Arrateko helmugarako bidean. Lehen aldian, lasterketa Elgetatik iritsiko da Eibarrera, Ipuruako foball zelaiaren atzealdetik sartu eta Untzagara jaitsiko da. Handik, saihesbiderantz abiatuko da, San Andres pasealekutik eta Legarretik, Gipuzkoarako noranzkoa hartuta. Bigarren aldiz, 17:00etan, baita ere Elgetatik sartu eta foball-zelaiaren ostetik igarota, Untzagara jaitsi eta San Andres pasealekutik Arraterako bidea hartuko du Legarre eta Arratebide kaleetatik.

Lasterketari bidea errazteko eta pandemiaren ondorioz jende-pilaketak saihesteko, debekatu egingo da ibilgailuak eta oinezkoak Arrate aldera joatea etaparen amaiera ikusteko. Baimendutako ibilgailuak (ikastolarako autobusak, baserrietako egoiliarrak edo Ixua eta Arrateko ostalaritza-establezimenduetako langileak) bakarrik igaro ahal izango dira, 14:30ak arte. Lasterketa igarotzen den unean trafikoa eten egingo da, 15:00etatik 18:00etara gutxi gorabehera, eta, ondorioz, ordutegi horretan ibilgailurik ez erabiltzea gomendatzen da.

Aparkalekuei dagokienez, hauek izango dira mugatuko diren tokiak: Azitaingo poligonoa, ezkerreko aldea zirkulazioaren noranzkoaren arabera, hilaren 18ko (igandea) 22:00etatik hilaren 20ko (asteartea) 21:00etara; Arrate, hilaren 18ko 18:00etatik hilaren 20ko 21:00etara; eta lasterketa igarotzen diren kaleak (Juan Antonio Mogel, Elgetako errepidea, Sostoatarren, Juan Gisasola, Untzaga Plaza, San Andres pasealekua, Egogain, Legarre eta Arratebide), hilaren 20ko (asteartea) 6:00etatik aurrera.

Aparkalekuen murrizketaren inpaktua gutxitzeko, Ipuruako foball zelaiaren parking berria (anexoaren azpian) eta Txaltxa Zelaiko parkea ezarri dira aparkatzeko ordezko gune gisa. Bi gune horiek hesi eta informazio-kartelen bidez behar bezala seinaleztatuta egongo dira, eta urriaren 19ko (astelehena) 08:00etatik urriaren 20ko (asteartea) 22:00etara aparkatu ahal izango da.

Informazio gehiago jaso edo zalantzak argitzeko, Udaltzaingoak edozein kontsultari erantzungo dio 943708424 telefonoan.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »