“Euskal Herriko 200 mendi ederrenak” aurkeztuko dira Deporren etzi arratsaldean

“Euskal Herriko 200 mendi ederrenak” aurkeztuko dira Deporren etzi arratsaldean
2022/12/12 eta kitto!
Hilaren 14an, eguaztena, arratsaldeko 19:00etan hasiko den ekitaldian, aurkeztuko dute Eibarko Klub Deportiboko lokaletan bertako hainbat mendizalek osatutako mendi katalogo berria, guztien fitxa eta ezaugarriez osatua. Oraingo hau 2018an aurkeztu zuten “Euskal Herriko 100 mendi ederrenak” katalogoaren jarraipena da, aurreneko ehunei ordutik hona gehitutako beste 100 mendi berriekin. Aipatutako aurkezpen hartatik mendi horiek guztion esku ditugu Klub Deportiboaren web-ean eta berri hauek ere hor izango dira hemendik aurrera.

Etziko aurkezpenean mendiak aukeratzeko erizpideak jakinaraziko dira, eta euren inguruan bildutako informazio guztia emango da: argazkiak, ibilbidearen deskripzioa, mapa, desnibelaren profila, track, etb. Aurrekoarekin batera, erabiltzaile izan daitezkeenei jakinaraziko zaie zelan jaso dezaketen informazio guzti hori. Lan hori egin dutenek dioten bezala, “modu horretan jendeak txangoak prestatzeko aukera izango du, detaile guztiekin (zailtasuna, iraupena...) eta, hori gutxi balitz, jakin izango du baita non bazkaldu dezakeen”.