Euskal Herriko Itzuliak hirutan zeharkatuko du Eibar, Arraten helmugaratu baino lehen

Euskal Herriko Itzuliak hirutan zeharkatuko du Eibar, Arraten helmugaratu baino lehen
2012/04/04 eta kitto!

Gasteiz-Arrate bitarteko 164 kilometroak egingo dituzte txirrindulariek gaur, Euskal Herriko Itzuliaren 3. etapan. Arrateko igoerarekin eta 1. mailako Ixua eta Usartza gainekin, zaletuen artean ikusmin handia sortuko duen etapa da gaurkoa. Hasiera13.05ean izango da eta 17.16ean amaitzea dago aurreikusita. Ibilbidean, tropelak hirutan zeharkatuko du Eibar: 15.35ak aldera Azitainetik sartuko dira txirrindulariak eta, Untzagara ailegatuta, Elgetarako bidea hartuko dute. 16.30ak aldera Ermutik Otaola Hiribidera ailegatuko dira, Kantoiko bidegurutzean Ixuara abiatzeko. Eta 17.00ak aldera, berriz ere Azitainetik sartuko da lasterketa, herria zeharkatu ostean Arraten helmugaratzeko.
Bihar, berriz, etapa-hasiera Eibarren, Untzagan izango da, 13.25ean. Bai gaur eta bai bihar, lasterketa dela-eta, aldaketak izango dira herri barruko trafikoan eta hainbat tokitan aparkatzea debekatuta egongo da. Horren inguruko informazio zehatza irakurtzeko, Udalaren webgunera jo dezakezue.