Gabontrailaren zortzigarren edizioa jokatuko da abenduaren 24an

0    Kirolak 
ETA KITTO ETA KITTO
Gabontrailaren zortzigarren edizioa jokatuko da abenduaren 24an
ETA KITTO 2022, Abe 13

Klub Deportiboko mendi batzordeko Kalamua Korrikalari Taldeak antolatuta, urtero lez Eguberri eguneko Gabontraila jokatuko da orain ere. Probaren zortzigarren edizioak azken urteotako ibilbide berbera izango du eta ez dira faltako, ezta, Kalamua tontorreko argazkia eta Parlamentuko turroia eta kaba. Parte-hartzea doakoa bada ere, antolaketa lana errazteko izena eman beharra dago (kalamuakorrikalaritaldea@gmail.com). Federatuta egotea komenigarria izateaz gain, antolatzaileek korrika egiteko oinetakoak, frontala, mugikorra, zira, ura eta jateko zerbait eramatea gomendatzen dute.

Gabontraila goizeko 08:00etan hasiko da Deporren aurrean eta amaiera toki berean izango du, 15 kilometro eta erdiko ibilbide erraza osatu ondoren. Goranzko desnibel metatua 757 metrokoa da eta “hiru ordutan ondo amaitu daiteke”.

 

Ibilbidearen deskribapena:

Ibilbidea Eibarko Klub Deportiboaren aurrean hasiko da. Toribio Etxebarria kaletik abiatuta lehen kilometroak Eibarko kaleetatik dira Estaziño kaletik bariantera igotzeko (1,3 km). Bariantean Asua Erreka parean eskubitara jeitsi eskilara batzuetatik bariante azpitik Santa Kurutzera doan GRa hartzeko.

Naiorbe baserritik gora 500 metro inguru zementuzko pistatik igo ondoren lehengo gurdi bidea jarraitu Santa Kurutzeko ermitara iristeko.

Santa Kurutzen (3,5 km) aurrera jarraitu Arratera doan errepidea gurutzatu eta Usartzara joateko (4,6 km).

Usartzan Kalamuara doan betiko bidea hartu (ezkerretik), Kalamuara ohiko tokitik igotzeko (7,5 km)
Kalamuatik Parlamentura jeitsi bertan ohiko bihurtu den “brindisa” egiteko.

Kalamuako Parlamentutik Kalamuako lepora bueltatu eta Arratera doan bidea hartu, Garagoitxi eta Akondiako tontorrak eskuinaldean utziz. Akondia azpitik pasatzean eskuinetara irteten den bidezidor bat hartu dugu (9 km) Akondiaren lepora eramango dizuena.

Hemen, aurrera jarraituz pinu artetik doan bidezidor bat hartu Akondia baserrira eta San Pedro ermitara jaisteko (10 km).

Hemendik Usartzara jaitsi eta berriro ere Santa Kurutzera joan (11 km). Santa Kurutzeko eskola zaharrean aurrera jarraitu dugu Gorosta Erreka aldera doan pistatik.
Zementuzko pistan Agarre baserrira iritsi aurretik eskuinera hartu Azaldegi baserri albotik Naiorbe baserrira bueltatzeko (13,3 km).

Naiorben GRtik Asua Errekara jaitsi, bariantetik Estaziño kaletik Eibarko Klub Deportibora bukatzeko (15,5 km).

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »