Gros Xake Taldeak irabazi zuen 36. Eibarko Hiria Xake Txapelketa

Gros Xake Taldeak irabazi zuen 36. Eibarko Hiria Xake Txapelketa
2022/07/04 eta kitto!
Aurreko zapatuan jokatutako Jose Mari Kruzetaren omenezko 36. Eibarko Hiria Xake Txapelketan, Donostiako Gros Xake Taldea izan zen garaile, 45 puntu pilatuta. Eguraldi ona lagun, Euskal Herri guztitik etorritako 14 talde bildu ziren Eibarren arratsalde osoan zehar jokatu zen txapelketan parte hartzera. Aurten, berritasun gisa, 3 minutu eta jokaldi bakoitzagatik 2 segundo gehigarri ematen diren erritmoan jokatu ziren partidak, azkenaldian ohiko bihurtu diren erloju digitalei esker. Gainera xake-erraldoi bat ere jarri zen Untzagan eta bertaratu ziren asko eta askok jokatu zuten partidaren bat edo beste bertan.

Gros Xake Taldearen atzetik, sailkapenean Arrasate-Arlutz sailkatu zen 42 punturekin, ondoren Abadiño 39rekin, Errenteriako Fomento Cultural 37rekin eta Barakaldo 33rekin. Eibarko taldeei dagokienez, ez zuten egun onena izan, Deporreko bi taldeak azkenaurrekoa eta azkena izan zirelako. Lehenengo taldean Jon Arana, Xabier Beorlegi, Jose Antonio Garrido eta Lander Aja aritu ziren, eta bigarrenean Diego Olmo, Aitor Beorlegi, Emilio Jose Freire eta Aimar Garcia.

Mahai bakoitzeko jokalari onenen sariak honela banatu ziren: 1. mahaian, Juan Luis Alfaro (Fomento Cultural); 2. mahaian, Fran Miguel (Arrasate-Arlutz) eta Iñigo Argandoña (Gros X.T.); 3. mahaian: Txema Hernando (Arrasate-Arlutz); eta 4. mahaian: Aritz Eder Elexpe (Abadiño). Sari banaketan Eibarko Udalaren ordezkariak izan ziren, Jon Iraola alkatea eta Ander Curiel kiroletako zinegotziarekin.