Indarrak batu eta klubaren alde lan egiteko asmoz eratu den Beti Eibar-Eibar Forever elkartea aurkeztu dute

0    Kirolak 
ETA KITTO ETA KITTO
Indarrak batu eta klubaren alde lan egiteko asmoz eratu den Beti Eibar-Eibar Forever elkartea aurkeztu dute
ETA KITTO 2022, Uzt 21

Atzo arratsaldean aurkeztu zuten Beti Eibar-Eibar Forever elkartea komunikabideen aurrean, Untzagako jubilatu etxean. Eibar K.E.-aren akziodun batzuen eskutik sortu berri den elkarteak argi laga nahi izan du beraien helburua ez dela klubaren kontseiluaren kontra egitea, taldearen eta klubaren onerako indarrak batzea baino. Horrekin batera, asmo nagusia “mundu osoan zehar sakabanatuta dauden akziodunei ahotsa ematea, beti ere legeak aurreikusten dituen bideak jarraituz” dela nabarmendu zuten, eta horretarako lanean hasi dira.

Besteak beste web orri bat sortu dute (eibarforever.org) eta bertan azaltzen dute elkarte eratu berri honen misioa, baita atzoko aurkezpenean esandako guztia ere: “Akziodunen Batzarrean eta parte hartzea posible den edozein kudeaketa-forotan hitza ematea mundu osoan sakabanatuta dauden Eibarko Sozietateko 11.000 akziodun baino gehiagori. Horrela, bere garaian klubeko akzioak erosiz egin zuten ahaleginari dagokio, lehen dibisioko igoeraren ondorioz eskatu zitzaigun kapital-gehikuntzan. Beti ere Eibar elkartearen interes kolektiboarentzat onena dena bilatuz, klubeko edozein pertsonak izan ditzakeen interes indibidualen aurka irmo borrokatuz eta klubeko kudeaketa organo arruntekiko balio erantsi diferentziala emanez”. Elkartearekin bat egiteko, nahikoa da webgunean dagoen formularioa betetzea edo info@betieibar.eus helbidera idaztea.

Esandakoaren arabera, Eibar K.E.-ko akziodunen bi herenak ez du batzarretan parte hartzen eta, hain zuzen ere, hori da aldatu nahi dutena: “Ahalik eta akziodun gehien parte hartzea ahalbidetu nahi dugu, horretarako bide berriak eskura ipinita”. Zenbat eta akziodun gehiago elkartera erakarri, beraien ahotsa ere ozenago entzungo dela pentsatzen dute, eta horregatik hasi dira beraien inguruko akziodunak elkartera erakartzeko lanean. Elkarte demokratikoa izango da: botu bat akziodun bakoitzeko, bakoitzaren akzio-kopuruari begiratzen ibili barik.

Orain arte egindakoen artean, besteak beste, elkartea eratzeko estatutuak idaztea , logotipoa diseinatzea eta elkartea bera sortzea daude. Elkarteko presidentea, bestalde, Mikel Porto da, idazkaria Ainhoa Ormaetxea, bokalak Tomas Azkue eta Aitor Muniozguren eta diruzaina Iñaxio Unanue. Aurrera begira, ahalik eta akziodun gehien erakartzeko asmoa nabarmendu daiteke: “Babes legala izateko 2.310 akziodun lortu beharko genituzke eta horretan gabiltza”. Horretarako, akziodunekin kontaktuan ipintzeko bideak lantzen ari dira, baina epe ertain-laburrean asmo hori lortzeko moduan egongo direla uste dute.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »