Ipurua klubekoek Gimnasiaren Eguna antolatu dute biharko

Ipurua klubekoek Gimnasiaren Eguna antolatu dute biharko
2019/05/31 eta kitto!
Aurtengoa egun horretako laugarren edizioa izango da eta, betikoari jarraituta, denboraldian zehar prestatutako hainbat ariketa eskainiko dituzte Ipuruako gimnasta guztiek. Egun osoko jardunean hainbat ikuskizunekin gozatzeko aukera izango da eta, ate irekiak aprobetxatuz, interesatuek kirol modalitate horretara gerturatu ahal izango dira: tapizetan praktikatuz, dibujo eta makillaje tailerretan... Txosna zabalduko dute eta bidaia bat zozketatuko.

Aurrekoez gain, klubeko gimnastek denboraldiko gorenean daude lehiaketa kopuru eta mailari dagokienez. Ohituta gaituztenez, emaitza bikainekin gainera. Gasteizen jokatutako federatuen absolutu mailako taldekako Euskadiko txapelketan Ipuruako lau taldek hartu zuten parte eta zortzi domina ekarri zituzten etxera: seniorretan Alaitz Aranbarrieta Nahia Arguizek txapela eskuratu zuten eta Jenni Hernandezek, Nahia Gonzalezek eta Arrate Barojak osatutako taldeak zilarrezkoa; eta juniorretan Sara Aranguren eta Indira del Pino bigarren sailkatu ziren. Horrez gain, senior eta junior taldeek txartela eskuratu zuten ekaineko azken asteburuan jokatuko den Espainiako Koparen bigarren faserako.

Azpeitian jokatutako amateur mailako txapelketan, bestalde, Naroa Morenok eta Raquel Irustak Gipuzkoako txapela jantzi zuten kadete B mailan, June Argüello eta Naroa Perez bigarren geratu ziren senior A eta kadete A mailetan, hurrenez hurren, eta Nahia Zenarruzabeitia brontzezkoaz jabetu zen jubenil A mailan.