Jokalari beteranoen arteko errugbi partidua bihar Soraluzen, Eibar Rugbykoak tartean

Jokalari beteranoen arteko errugbi partidua bihar Soraluzen, Eibar Rugbykoak tartean
2022/09/09 eta kitto!
Errugbi jokalari beteranoen arteko topaketa izango da Ezoziko zelaian, Sora Rugby Taldearen eskutik. Soraluzeko topaketarako beren-beregi bi talde osatu eta elkarren kontra jokatuko dute. Ekipoetako bat osatuko dute Eibarko eta Iruñeko beteranoek eta bestea, berriz, Soraluzeko, Madrilgo eta Kataluniako beteranoek. Sora Rugby taldeak, batetik, gazteak gonbidatu ditu partidan jokatzera eta bestetik, soraluzetarrak eta inguruko bizilagunak gonbidatu ditu goiz pasa polita elkarrekin egitera.
11:00etan hasiko da errugbi topaketa, eta  13:00ak arte iraungo du. Sora Barbarians taldeak -Soraluzeko, Madrilgo, Kataluniako eta beste hainbat tokitako gizonezko zein emakumezko errugbi jokalariz osatutakoak- aurrez aurre izango du Sai zaharrak, Putre zaharrak taldea - Eibarko eta Iruñeko errugbi jokalariz osatutakoa-.
Dena den, antolatzaileek partidan jokatzeko gonbidapena egin die inguruko gazteei. Esan dutenez, ez dute zertan errugbian jokatzen jakin; aurreko topaketan hainbatek jokatu zuten eta "kriston esperientzia" izan zela esan zieten.

Horrekin batera, topaketara joateko gonbidapena egin diete herritar guztiei, "animatu eta etorri; parte hartu nahi duenak ateak zabal-zabalik ditu eta besteok animoak behar ditugu", esan dute.

Azkenik, eskerrak helarazi dizkiete Udalari, futbol taldeari, eta herriko komertzio, taberna eta jendeari: "Denon laguntza gabe ezin izango genituzke gauza hauek egin".