Katedraleko jaialdia bertan behera hezetasunagatik

Katedraleko jaialdia bertan behera hezetasunagatik
2020/06/24 eta kitto!
Koronabirusaren ondorioz hiru hilabete eta erdi frontoietan partidurik gabe egon ondoren, Astelenak gaur hartu duen profesional mailako lehenengoko jaialdia bertan behera laga behar izan dute bigarren partiduaren hasieran. Markagailuak Ezkurdia eta Arangurenen aldeko 5-2koa erakusten zuen jaialdia amaitutzat eman dutenean, frontoian zegoen hezetasunak horretara bultzatuta.

Pilotariek nahiko lan izan dute zutik egoten eta, aldageletan zapatilak aldatuta ere, Imaz atzelaria bigarrenez erori denean, min hartzeko arriskua saihesteko ez jarraitzea erabaki dute antolatzaileek. Egun osoan izandako beroak frontoian sortutako hezetasunari azken egunotan instalazioa egokitzeko erabilitako desinfekzio produktuen eragina gehitu zaio eta horrek Astelenan gutxitan izandako egoera ekarri du.

300 bat lagun bildu dira San Juan eguneko jaialdian, frontoiaren aforoaren laurdena gutxi gorabehera, eta bertaratutakoek protokoloak agindutakoa bete izan dute arazo barik. Pilota enpresetako arduradunek adierazi dutenez, gaur Astelenan izandako zaletu guztiei itzuliko zaie partiduak ikusteko ordaindutakoa.

Jaialdiko lehenengo partiduan Peña II.ak eta Bikuñak 22-9 irabazi diete Salaberria eta Mariezkurrena II.ari. Partidu nagusian Ezkurdia eta Aranguren 5-2 zihoazen aurretik Altuna II.a eta Imazen kontra. Bertan behera geratutako Masters Caixabank txapelketako partidu hori beste nonbaiten jokatu beharko dute.

IMG_5236 IMG_5238 IMG_5241 IMG_5246 IMG_5248 IMG_5249 IMG_5250 IMG_5251