Kirol-eragileei aitortza egingo die Udalak bihar, “Eibar Kirolaren Europar Hiria 2023” izendapenaren kopiak banatuta

Kirol-eragileei aitortza egingo die Udalak bihar, “Eibar Kirolaren Europar Hiria 2023” izendapenaren kopiak banatuta
2023/01/30 eta kitto!
Eibarko klubek, kirol-espazioek, ikastetxeek eta kirolari lotutako beste eragile batzuek Eibarren egindako lana aitortzeko ekitaldia antolatu du Udalak biharko, 19:00etan Portaleko areto nagusian. Eibarko 60 bat kirol-eragilek berretsi dute jada ekimenean izango direla. Bertan “Eibar Kirolaren Europar Hiria 2023” izendapenaren kopiak banatuko ditu Udalak eta, horrez gain, Eibarko hautagaitzarako prestatu zen bideoa proiektatutako da.

Ekitaldi honekin hasiko ditu Udalak “Eibar Kirolaren Europako Hiria 2023” tituluaren harira antolatu eta bultzatuko diren jarduera eta probak. Lehenik eta behin, Eibarko Udalak herriaren hautagaitzarako prestatu zuen bideoa proiektatuko da. Ondoren, bertaratutako ordezkari bakoitzari, iazko abenduaren 6an Bruselan Jon Iraola alkateak eta Ander Curiel Kirol zinegotziak  jaso zuten “Eibar Kirolaren Europako Hiri” izendapenaren diplomaren kopia bana emango zaio. Eta, horrekin batera, aitortza horretarako sortutako logoaren erreplika bana emango zaie.

Bestalde, ekitaldiaren amaieran, Udalak omenaldia egingo dio orain dela gutxi hil den Manu Aguirreri, “hogei urtez Eibarren judoaren alde egindako lana aitortzeko. Izan ere, herrian judoa eta arte martzialak sustatu zituen eta Kalamua judo-klubaren sortzaile izan zen”.

Udaletik adierazi dutenez, iazko azaroan, Kirolaren Europar Hiriaren aitortza lortu zela berretsi ondoren, Udala kirol-ekimenen programazioa diseinatzeko lanean hasi zen, “Eibarren kirolaren alde egiten den apustua eta lana indartzeko”. Hain zuzen, ekimen horietako batzuk zehaztu dira dagoeneko, hala nola datorren apirilean egingo den Itzulia Basque Challenge 2023, Itzuliaren lehen lasterketa zikloturista; 2023ko uztailean antolatuko den Munduko Jugger Txapelketa; edo aurki txakurrekiko kiroletan arituko den herriko klub bat Udalak sortzen laguntzea.