Kirolari eibartarrak: etxean bai, baina geldirik ez

Kirolari eibartarrak: etxean bai, baina geldirik ez
2020/03/21 eta kitto!
Eibartar guztien bizitza eten egin da koronabirusaren ondorioz, baita kirolari eibartarrena ere. Euren denboraldia, helburuak, prestaketak eta beste hainbat gauza hankaz gora jarri dira eta zalantza egoera bizi dute. Dena den, etxean entrenatzen jarraitzen dute, ahal den heinean.

Kirolari eibartar batzuekin egin dugu egoera honetan kirola nola egiten duten ezagutzeko.

 

ANDER ROMARATE, igerilari ohia eta entrenatzailea

- Nola moldatu zara egoera berrira?

Guztiontzat da egoera txarra, baita kirolarientzat ere. Erresistentziako kirol indibidualeko kirolariekin egiten dut lan eta kasu askotan orain zuten hasia denboraldia. Beraz, plan guztiak pikutara joan dira. Beste arazo bat da ez dakigula noiz egingo diren atzeratu diren txapelketak. Orduan, arazoa bikoitza da. Joan den astean Espainiako Txapelketa lehiatu behar zuten kirolariak entrenatzen ditut, euren denboraldiko helburu garrantzitsuenetako bat, baina ezin izan zuten egin eta urritik egindako lan guztiak ez zuen ezertarako balio izan. Eta orain ez dakigu zerotik hasiko garen edo zer, baina ezin dute forma jaitsi, hau pasatzen denean txapelketak hasiko direlako berriz ere.

- Egoera honen aurrean zein izango litzateke zure aholkua?

Lehenik eta behin, estresa alde batera uztea, ez zoratzea. Egoera berak estresa sortzen digu eta ezin gara zoratu kirola egiten. Arlo mentalak kalte handia egiten dio kirolariari. Orduan, erresistentziako kirolariek arrabola egin dezakete, korrika egiteko zinta dutenek korrika egin… egunero 45 minutu asko jota, burua garbitzeko eta forma mantentzeko. Bestetik, indarra lantzeko ariketa asko egin ahal dira: ur botilekin, motxilak kargatuz, gomekin… ez da material berezia behar. Nirekin dabiltzan kirolari batzuek, adibidez, inoiz baino gehiago entrenatuko dute orain, denbora gehiago dutelako. Forma galdu beharrean, hobetu egingo dute batzuek.

- Zein kirolari mota entrenatzen duzu?

Denetarik. Gehien bat erresistentziako kirolariak entrenatzen ditut: triatletak, korrikalariak, txirrindulariak… Gero, Eibar FT-n Genuine Ligan parte hartzen duen taldeaz arduratzen naiz.

- Zu igerilaria izan zinen. Nola moldatu daitezke igerilariak egoera honetara?

Igerilarien egoera zaila da, ez dutelako euren kirola praktikatzeko oinarrizkoa den medioa. Ez dira zoratu behar. Indarra landu dezakete ariketak egokituz eta arrabola egin dezakete (ahal badute), adibidez.

[video width="848" height="480" mp4="https://etakitto.eus/wp-content/uploads/2020/03/Romarate.mp4"][/video]

 

PELLO OSORO, triatleta

 

Argi dago egoera honen aurrean kirolarik denboraldia behar izan dugula. Egoera berrira moldatu beharra daukagu, jende guztiak moduan. Agian zailena noiz eta nola bukatuko den ez jakitea da. Hau da, argi dago genituen helburuak atzeratu edo bertan behera gelditu direla, baina gogorrena agian ez da hori, baizik eta helburu berriak markatzeko zailtasuna.

Inork ez daki noiz bukatuko den guzti hau eta, beraz, ezin helburu berri garbirik eduki.

Nik triatloia egiten dut, eta ohitura daukat bizikleta arrabolan ipini eta bertan entrenatzeko. Beraz, alde horretatik arazorik ez. Lesio baten erdian harrapatu nau honek eta korrika egiteko arazoak ditut, beraz ez diot buelta handirik eman, bestela ez dakit zer egingo nukeen (barreak). Igeriketa egitea bai dela ezinezkoa.

Momentuz asko entrenatzen dihardut etxean, bizikleta egiten dut egunero eta baita indarra lantzeko ariketak ere. Gutxienez dena bukatutakoan berriro 0tik ez hasteko”.

 

AXIER GISASOLA, eskubaloi jokalaria

- Lehenik eta behin, zer moduz zaude?

Ondo esan beharko, beste pertsona asko bezala etxean. Praktikak bertan behera utzi dizkidate, klaseak eta baita entrenamenduak ere. Etxean egiten dut bizitza. Baina guztion onurarako denez, etxean hainbat gauzak egiteko bilatzen dihardut orduak pasatzeko: bizikleta estatikoan ibili, kartetan jolastu, irakurri, egonean egon… Egun osoan zehar hainbat gauza egiteko denbora dago. Errutina bat edo ohitura batzuk izatea ona da, ez gelditzeko.

- Zelan jarraitzen duzu entrenatzen?

Entrenamenduak bertan behera geratu dira, baina hautsa hartzen zegoen bizikleta estatikoa etxera igo dut, baita pesa batzuk ere. Errutina bat hartuz, forma mantendu eta buelta hain gogorra ez izateko ahal dudana egiten dut etxean dagoen espazioan.

- Nola egin dizue kalte geldialdi honek?

Asko kosta u zitzaigun partidu bat irabazi genuen eta ematen zuen egoerari buelta ematen ari ginela. Liderraren aurka genuen hurrengo partidua eta gogotsu geunden. Hala ere, geldialdi honek ere badu alde ona, lesionatuta daudenek errekuperatzeko aukera izango dutelako, eta besteok ere gogotsu egongo gara. Ea horrela dena ematen dugun kantxaren barruan.

- Nola aldatu da denboraldia zuentzat honen ondorioz?

Ez dakigu zenbat luzatuko den egoera hau, eta uste dut liga berriz hasi beharko dugula. Azken entrenamenduan bagenekien bi jardunaldi etengo zirela, eta bi aste izango balira, bi aste beranduago bukatuko genuen liga. Baina egoera honen aurrean hirugarren jardunaldia ere etengo da eta luzerako doa. Gure ustez, liga berriz martxan jartzen bada, une horretan tokatzen zaigunaren aurka jolastuko dugu. Atzeratutako partiduak astean zehar jokatuko ditugu agian. Baina momentuz hau guztia pasa behar da eta, horretarako, kontziente izan behar gara bizi dugun egoeraz eta gauzak ondo egin.

[video width="640" height="640" mp4="https://etakitto.eus/wp-content/uploads/2020/03/Eskubaloia.mp4"][/video]

 

AITZIBER URKIOLA, triatleta

- Nola egiten duzu kirola etxean?

Arrabola egiten dut bizikletaren inguruko entrenamenduak egiteko eta, bestela, ariketa fisikoak egiten ditut (material nahikoa daukat, eskerrak). Mugikortasuna ez galtzea eta forma ahal den heinean mantentzea da helburua. Arrabola egiten dut batez ere, ordenagailura konektatuta eta programa berezi batekin (Zwift). Triatloi taldekoek taldetxoa sortu dugu eta online geratzen gara bakoitza bere etxetik baina elkarrekin egin ahal izateko. Motibatu egiten gara horrela, baina egoera berri hau nahiko gogorra da kirolariontzat. Kirola etxe barruan egitea ez da gauza bera, ez fisikoki ez mentalki.

- Zure kasuan, gainera, aire librea egiten den kirola egiten duzu.

Bai, baina tira, moldatu ahal gara etxean egitera eta egunero kirol pixka bat eginez gero ez dugu forma fisikoa hainbeste galduko.

- Egoera honek nolako kaltea eragin dizu denboraldiari begira?

Joan den asteburua Eibarko Duatloia egin behar genuen, baina bertan behera geratu zen. Gero, Espainiako Kopa egin nahi nuen. Lehenik, Iruñeko triatloia maiatzean, baina bertan behera utziko dutela uste dut. Bigarrenik, eta Bizkaia Triatlon, Urdaibai egiten dena. Eta gero, beste pare bat. Maiatzeko probak bertan behera geratuko direla uste dut, ikusi beharko da. Gutxienez, etxean aktibo egoten jarraitzen dut, lana ere egiten dut eta ez naiz geldirik egoten. Burua entretenituta dut eta mugitu egiten naiz. Gainera, kirola egiten duzun momentuetan burua pixka bat garbitzen duzu.

  Aitziber Urkiola

 

EIBAR RUGBY TALDEA

Eibar Rugby Taldeko neskek denboraldi bikaina eten egin behar izan dute koronabirusaren ondorioz. Gainera, Babalwa Latsha hegoafrikarra etxera itzuli behar izan da, baina itzuli egingo da denboraldia berriz ekiten badiote. Momentuz, etxean dihardute entrenatzen.