Klub Deportiboko mendizaleek otsailaren 11n Herri Txikiak zeharkaldiko hirugarren etapa egingo dute

Klub Deportiboko mendizaleek otsailaren 11n Herri Txikiak zeharkaldiko hirugarren etapa egingo dute
2023/02/01 eta kitto!
Aurreko zapatuan Herri Txikiak zeharkaldiaren bigarren etapa osatu zuen mendizaleen taldeak “benetako neguko txangoa” dastatu zuten, bide osoan elurra zapaltzeko aukera biziz; bertan izan zirenek dioten modura, “eskerrak taldeko gehienak raketekin ibili zirela”. Ohikoa baino talde txikiagoa ausartu zen aurrekoan Deporreko mendi irteeran parte hartzera: “Jakina, eguraldi deserosoa espero zenez, ausartenak bakarrik bildu ziren; hala ere, merezi izan zuen guztiz zuriz jantzitako mendian ibiltzea”. Arantzan hasi eta Zubietan amaitu zuten etapa, bidean Mendieder (1.071 metro), Ekaitza (1.046) eta Loitzate (1.048) eginez.

Hurrengo irteeran Herri Txikiak zeharkaldi horretako hirugarren etapa osatuko dute, otsailaren 11n Zubietatik Leitzaraino eramango dituen ibilbidearekin. Bidean Irakurri gainera (1.142 metro) igoko dute, 1.385 metroko igoera metatuarekin, eta 1.115 metroko jaitsierarekin. Antolatzaileek diotenez, oso paraje polita zeharkatuko dute eta tontorrak ere ez dira gutxi izango: Artxinga, Lexarburu, Soingo Gaina, Arriurdineta eta, jakina, Irakurri. Interesatuek Klub Deportiboko bulegoetara jo dezakete martitzen eta eguenetan (19:30-20:30) edo 943 201904 telefono zenbakira deitu informazio gehiago jasotzeko.