Korrikalari asko animatu dira Gabontrailean parte hartzera

Korrikalari asko animatu dira Gabontrailean parte hartzera
2021/12/27 16:01
eta kitto!
Osasun egoeraren ondorioz iaz kale egin eta gero, aurtengo gabon gau egunean Eibarko Klub Deportiboko Mendi Taldeko Kalamua Korrikalari Taldeak antolatutako VII. Gabontraila ospatu zen. Nahiz eta Covid-19a dela eta egoera ez izan onena, jende dezente animatu zela adierazi dute antolatzaileek eta, urtetik urtera, gero eta korrikalari gehiagok amaitzen dute urtea Kalamuako osteratxoa eginez: “Eguraldiak ere asko lagundu zuen, nahiz eta goi partean haize fina egon, korrika egiteko giro aparta izan genuen. Klub Deportibotik abiatu ginen goizeko 8etan, Estaziñotik GR bidea jarraituz Santa Kurutzera igotzeko, handik Usartzara eta Akondia eta Txabola-Pagola baserrien aurretik pasatuz Aizketa eta Akondia arteko lepora, ohiko bidetik Kalamuara joateko. Kalamua gainean taldeko argazkia atera ondoren, Parlamentura jeitsi ginen, bertan cava eta turroiakin denboraldi amaiera ospatzeko”. Parlamentutik ohiko bidetik Usartzara jeitsi ziren mendi korrikalariak, Santa Kurutzetik berriro Eibarrera itzultzeko. Partehartzaileek oso gustora amaitu zuten 15,5 km eta 750 m-ko desnibela zuen ibilbidea. Diotenez, “hasi nahi dutenentzat irteera egokiak dira, nahiz eta erritmo eta gaitasun desberdinetako jendea elkartu tarteka geldialdiak egiten direlako, denok elkartzeko. Horrek hurrengo ekitaldietan ere parte hartzera animatu eta urtean zehar entrenatzeko motibatzen gaitu”. Hurrengo trail irteera martxoan izango da, Mendi Jardunaldien barruan.