Maite Mutuberriak diseinatutako kartelak iragarriko du Itzuliaren 62. edizioa

Maite Mutuberriak diseinatutako kartelak iragarriko du Itzuliaren 62. edizioa
2023/02/07 eta kitto!
Arte Ederren Bilboko Museoan aurkeztu zuen atzo Itzuliaren 62. edizioa iragarriko duen kartela. Azken lau edizioetan egin den bezala lan literarioen ilustrazioa kategorian Euskadi Literatura Saria irabazi duen pertsonak diseinatu du Itzuliaren kartela. Aurten Maite Mutuberriaren lanak iragarriko du txirrindularitza lasterketa. Mutuberriak “Irrimola” lanarekin irabazi zuen Euskadi Literatura saria.

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak, Julian Eraso Itzuliaren antolatzaile den OCETA-ren (Euskadiko Txirrindularitza Erakundeak) presidenteak, Maite Mutuberria egileak eta Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museoko zuzendariak parte hartu zuten Itzuliaren aurtengo kartelaren aurkezpenean. Itzulia Basque Country-ren 62. edizioa apirilaren 3tik 8ra egingo da. Vitoria-Gasteizen izango du irteera eta sei etaparen ondoren Eibarren bukatuko da.

Bestalde, Julian Eraso OCETA elkarte antolatzaileko presidenteak esan zuenez “aurten ere Itzulia kirol arlotik haratago doa eta gai kultural eta artistiko batengatik albiste da. Urte batzuk daramatzagu lankidetza honekin eta ezin gara gusturago egon. Itzulia ez da txirrindularitza lasterketa bat bakarrik, gure lurraldearen erakusleiho turistiko bat ere bada, eta honelako ekintzekin, erakusleiho kultural bat ere bai”.