Markel Alberdi, bosgarren eibartar olinpikoa

0    Kirolak 
ETA KITTO ETA KITTO
Markel Alberdi, bosgarren eibartar olinpikoa
ETA KITTO 2016, Uzt 22

Basque Team taldeko igerilari eibartarrak, pixka bat itxaron behar izan bazuen ere, lortu du Joko Olinpikoetarako txartela. 25 urteko igerilariak libre estiloko 100 metroko estatuko marka du eta Brasilen 4×100 erreleboko proban hartuko du parte, Erresuma Batuko taldearen bajari esker automatikoki lortutako plazari esker. Markel Alberdik argi du -askotan esan du, gainera- oso zaila izango dutela finaletara sailkatzea; baina, hala ere, laukoteak bere onena ematea espero du. Horrez gain, Eibarko igerilariaren helburuetako bat izango da, hori ziur, bere denborak hobetu eta marka egitea.

Lehenengoa Ziriako Errasti foballaria izan zen, 1928ko Ambereseko Jokoetan. Lagun Artean hasi zen jokatzen, handik Unión Deportiva Eibarresara pasatzeko; baina Alavésen ekin zion maila handiko ibilbideari, Quincoces bere kirol bizitzako bikotearekin. Azken horrekin eta Ricardo Zamora atezain handiarekin munduko atzealde onena osatu zuen, bai Real Madrilen eta baita Espainiako selekzioarekin ere. Hamalau bider izan zen internazionala eta, gerra amaituta, Banco Guipuzcoanoan egin zuen beharra. Eibarren hil zen 1984an.

Hirurogei urte pasau bihar izan ziren Eibarren jaiotako beste atleta bat Olinpiadetan ikusi arte: 1988an, Seulgo Jokoetan, Maite Zuñigak 800 metroko finalean 7. postua lortu zuenean. Ez ziren izan atleta horren Joko bakarrak: handik lau urtera, Bartzelonan 1992an, seigarren postua eskuratu zuen 1.500 metroko distantzian; eta 1996an, Atlantan, finalerdietara iritsi zen. 1995eko Europeoetan brontzezko domina irabazi zuen Zuñigak, gure herrixan jaio bazen ere, Gasteizen egin du bere kirol ibilbide nagusiena. Anekdota modura, T5-ko “Supervivientes” saioa irabazi zuen.

Eskubaloiko Aitor Etxaburu izan da hirugarren olinpiarra Eibarren. Arraten jokatzen hasi zen pibotak Bartzelonan, Santanderreko Tekan, Granollersen eta Bidasoan egin zuen kirol ibilbidea, 2001ean erretiratu arte. Selekzioarekin 87 aldiz jokatu zuen eta brontzezko domina eskuratu zuen Atlantako olinpiadetan (1996), Bartzelonakoetan bosgarren postuan amaitu eta gero (1992). Domina irabazi duen Eibarko bakarra da eta, hainbat urtetan Irungo Bidasoako entrenatzaile jardun eta gero, 2010etik Iruñeko Anaitasuna zuzendu zuen gero, baita nafarrek Arratek lagatako tokia hartu zuenean Asobal Ligan. Ondoren emakumezkoen Bera Bera taldea ere entrenatu zuen, eta baita eurekin Liga irabazi ere.

Ander Romarate igerilaria izan da gure azken ordezkaria, 2012ko Londresko Joko Paralinpikoetan izan zena. Hiru probatan hartu zuen parte eta, bizkar erako 100 metroko txapelketan, finalerako txartela eskuratu eta zazpigarren postuan amaitu zuen, modu horretan diploma eskuratuz. Ordutik hona maila bikainean jardun badu ere, zaila du oraingoan Riora joatea, “eskakizuna handiagoa delako eta igerilari gutxiago joango direlako selekzioarekin oraingoan”. Zerrenda, dena dela, uztailaren azken astean kaleratuko dute.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »