Markinako taldearekin jokatzen duen Mikel Urkia eibartarra lider berria Euskal Herriko hiru txirlo txapelketan

Markinako taldearekin jokatzen duen Mikel Urkia eibartarra lider berria Euskal Herriko hiru txirlo txapelketan
2022/10/24 08:24
eta kitto!
Zapatuan Aramaioko Untzilla auzoko bolatokian jokatutako tiraldiaren ondoren MX3T Markinako taldeko bi bolari dira sailkapen nagusiaren gorenean: Mikel Urkia eibartarra eta Fidel Madariaga. Gertutik jarraitzen diete, txirlo bakarrera, Elgoibarko San Migueleko Jabier Osorok, eta bira dago beste hirukote bat, tartean MX3Tko beste bi bolari. Orain arte lider zegoen Asola Berriko Ganix Rodriguez zazpigarren postura jaitsi da, baina, hala ere, Eibarko bolatokiko onena izaten jarraitzen du. Hori bai, Asola Berriko hiru ordezkarik euren mailetako liderra ere badira: Jone Peralesek agintzen du emakumezkoetan, Enara Montiel taldekidearen aurretik, eta Kepa Rodriguez eta Ander Unamuno nagusi dira jubeniletan eta benjaminetan, hurrenez hurren. Untzillan jokatutako txapelketako hirugarren jardunaldian Xabier Loiola elgoibartarra nagusitu zen, bederatzi txirlorekin, Fidel Madariaga mallabiatarraren aurretik (zortzirekin); zazpirekin sailkatu ziren Mikel Urkia eta Santos Muñoz azkoitiarra.