Mecalbe Eibar Eskubaloiko emakumezkoek derbia bereganatu zuten Elgoibarri 20-17 irabazita

Mecalbe Eibar Eskubaloiko emakumezkoek derbia bereganatu zuten Elgoibarri 20-17 irabazita
2023/01/16 eta kitto!
Hala ere, Ipuruan jokatutako partidua ez zen erosoa izan eibartarrentzat, atsedenaldira markagailuak berdinketa erakusten zuela erretiratu baitziren. Andoni Perezek zuzentzen duen taldea nagusi izan zen partidu hasieran, baina gero Gaurve Asesores Elgoibarrek, partidu serioa eginda, neurketa berdintzea lortu zuen. Bigarren zatiko hasieran erabaki zen norgehiagoka, eibartarrek 10. minuturako lortutako 4-0koarekin. Maitane Velasco eibartarra izan zen goleatzaile nagusiena, sei golekin. Garaipen horrekin Mecalbek postu bat egin du aurrera eta gertu du datorren astean bisitatuko duen Kukullaga Etxebarri ere: irabaziz gero, puntu bakarrera geratuko dira eibartarrak.

Gizonezkoen taldeari, bestalde, azken minutuetan egin zion ihes ia eskuetan izan zuten garaipenak. Azken hamar minutuetara bi gol aurretik sartu eta gero, minutu horietako 7-3ko partzialak garaipena Trapagarani eman zion. 28-26 amaitu zen partidua bizkaitarren alde eta, modu horretan, orain sailkapenean berdinduta daude talde biak laugarren eta bosgarren postuetan. Garikoitz Viguera eta Egoitz Blanco izan ziren goleatzaile nagusienak, bakoitza sei golekin. Hurrengo asteburuan Fernando Fernandezen mutilek Palautordera Salikru talde katalanaren bisita jasoko dute Ipuruan.