Mendiz mendiko Eibarko Itzulia egingo dute bihar goizean

Mendiz mendiko Eibarko Itzulia egingo dute bihar goizean
2023/06/02 eta kitto!
Bi urtean behin egiten duten bezala, Eibarko Klub Deportiboko mendi batzordeak Eibarko Itzuliaren edizio berri bat egingo du bihar, ekainak 3. Irteera goizeko 07:00etan hasiko da, Deporretik bertatik abiatuta. Itzulia doan da, baina anoa-postuak antolatzeko izena ematea eskertzen da. Horretarako formulario hau erabili daiteke: https://labur.eus/eibarkoitzulia. Bestalde, kamisetak Klub Deportiboan daude salgai, 7 eurotan, martitzenetik barixakura, 18:00etatik 20:00ak arte.

Itzuliak 35 kilometroko luzera izango du eta Eibarko perimetroa inguratuko du, mendigain guztietatik pasatuz. Pilatutako desnibela, “gorantza zein beherantza”, bi kilometrotik gorakoa da: 2.240 metrokoa. Badago B plana ere, 18’6 kilometrokoa, eta ibilbidearen erdia bakarrik egin nahi duenak Azitain auzoan amaitu dezake.

Ibilbidea puntu horiekin, zintarekin eta seinaleekin markatuta dago, herrigunean izan ezik. Eta ohiko ibilbidean aldaketa txiki batzuk egin dituzte: “Asfaltoko ibilbidea murriztu nahi izan dugu eta, udal-brigadaren lanari esker, ezkutuko bide batzuk garbitu eta beste batzuk zabaldu dira; beraz, probako beteranoek igarriko dituzte aldaketok”.