"Mendizaletasuna eta euskara" hitzaldia emango du gaur Mikel Arrizabalagak

"Mendizaletasuna eta euskara" hitzaldia emango du gaur Mikel Arrizabalagak
2016/04/14 09:05 eta kitto!
Mikel Arrizabalaga Aizpuruak (Donostia-Eibar, 1957) “Mendizaletasuna eta euskara” hitzaldia eskainiko du gaur, 19:00etan, Klub Deportiboan.  Elkar Fundazioko kudeatzailea da 1997. urtetik. Martin Ugalde Kultur Parkeko arduraduna izandakoa, egun Ikaselkar argitaletxearen edizio-zuzendaria da. Egunkaria, Berria eta Gara egunkarietan, Pyrenaica, Euskal Herria eta Nora aldizkarietan eta Euskadi Irratian mendiarekin zerikusia duten makina bat artikulu eta kolaborazio egin ditu. Bi liburu idatzi eta argitaratu ditu: “Aitona Blas eta iratxoak” (Elkar) haurrentzako ipuina eta “Rutas y paseos por Aiako Harria y Artikutza” (Sua).

Mikel Arrizabalagak aurreratu digunez, "azken 35 urte hauetan mendiarekin zerikusia duten argitalpenak eta horien kontsumoak, komunikabideen jarrerak, norbanako, mendi elkarte eta federazioen jokamoldeak, mendia eta euskal literaturaren arteko harremanak eta abarren inguruan nire burutapenak azaltzen ahaleginduko naiz. Kasu guztietan euskararen presentzia nolakoa izan den eta nolakoa den gaur egun azpimarratzen saiatuko naiz".

Ekitaldi hau Klub Deportiboko Mendi Taldeak apirilerako antolatutako mendi egitarau zabalaren barruan dago. Apirilaren 19an, martitzena, Paco Olivak "Cocina en la montaña" sukaldaritza bigarren tailerra eskaniko du, oraingo hau gazteleraz. Tailer horretan mendiko aktibitateei ekin eta, behin vivac-a eginda, beste jardunaldi bati aurre egiteko organismoa zelan berreskuratu erakutsiko da.

Hilaren 21ean, eguena, Imanol Marrodán argazkilariak "Anboto" liburua aurkeztuko du Portaleko areto nagusian. Hainbat urtetan egindako lanaren fruitua da publikazioa eta proiektuak artea eta natura jartzen ditu harremanetan.

Eta hilaren azken astean Mendi-Tour Bilboko mendi film-jaialdiko onena ekarriko digute Coliseora. Martitzenean, hilaren 26an, 9 minutu irauten duen “55 hours in Mexico” (euskeraz eta gazteleraz azpititulatuta), 37 minutuko “Urzulo” Bilboko jaialdiko euskerazko film onena eta 73 minutuko “Jurek” (euskeraz eta gazteleraz azpititulatuta) jaialdi bereko alpinismoko film onena eskainiko dira. “Urzulo” Xanti Ugarteren lanak Euskal Herriko leku ezezagunak erakusten ditu, iluntasunean ere grabatutako irudi zailekin batera. Handik bi egunera (eguenean, hilaren 28an) beste bi pelikula eskainiko dira, biak ere euskeraz eta gazteleraz azpititulatuta: 40 minutuko “A line across the sky”, aipatutako Bilboko jaialdiko eskaladako film onena, eta 73 minutuko “Jeff Lowe’s Metanoia”, jaialdian Ikuslegoaren Saria jaso zuena. Coliseoko pelikuletako sarrerak 5 euroko prezioa dute eta salgai daude dagoeneko interneten; Coliseoko txarteldegian ere lortu daitezke astelehenetan (19:00-20:00) eta barixakuetan (21:00-22:00).