Mikel Oyarzabal foballariari harrera beroa egin diote zaletuek, Udalaren aitortza gorena jaso aurretik

Mikel Oyarzabal foballariari harrera beroa egin diote zaletuek, Udalaren aitortza gorena jaso aurretik
2021/11/12 eta kitto!
Eibarko Errealzaleek harrera beroa egin diote Untzagan gaur arratsaldean Mikel Oyarzabal Realeko jokalari eibartarrari, udaletxe barrura sartu aurretik. Zaletuen txalo artean sartu da plazan foballaria eta Errealzaleek oparia eman diote: zaletu taldearen armarriaren aldamenean "Gure kapitaina" zioen txapela jantzi dio Juanito Berazak jokalariari. Jarraian, Kezka dantza taldeko dantzari batek aurreskua eskaini dio, Usartza Txistulari Taldekoek lagunduta. Harrera egitera joandakoak agurtu ondoren, Eibarko Udalaren aitortza jasotzera sartu da pleno aretora Oyarzabal, familiarekin, lagunekin eta kirol arloko ordezkariekin batera, eta bertan Udalaren aitortza gorena, "Txopitea eta Pakea" jaso du Jon Iraola alkatearen eskutik. Realeko jokalariak bere esker ona azaldu die bertan bildutako guztiei, eta bereziki eskertu nahi izan du "bere moduko haurrek foballean aritzea eta, orohar, kirola egitea" posible egiten duten guztiei, gehienetan isilpean egiten duten lan horren garrantzia azpimarratuz.

[foogallery id="113742"]