Mojen komentuko lursailetan lau igerileku izango dituen eraikina egiteko asmoa azaldu du Udalak

Mojen komentuko lursailetan lau igerileku izango dituen eraikina egiteko asmoa azaldu du Udalak
2021/09/13 eta kitto!
Eibarko Udalaren gobernu taldea lanean ari da Ipuruako gune berria izango denaren diseinuan. Kirol toki berrian, batetik, lehendik dauden instalazioak (Ipurua I) egongo dira, eta behar bezala berriztu eta eguneratu egingo dira. Eta, bestetik, kirol eraikin bat egongo da (Ipurua II). Bi espazio horiek osagarriak izango dira, eibartarrei kirol zerbitzuen eskaintza askotariko eta indartsu bat emateko xedez.

Ipurua IIren kasuan, eraikin berria moja Kontzepzionisten konbentu zaharra dagoen udal partzelan kokatuko da, zeinak 7.000 metro koadro baititu. Hasierako asmoa da espazio akuatiko handi bat egitea, 4 igerilekuz osatua (piszinek bikoiztu egingo dute Ipuruako kiroldegiko oraingo ahalmena), eta hainbat gela izango dituena: tonifikazio-gunea, luzaketak, aerobika, spinninga edota antzekoak, eta zehazteko dauden beste gela batzuk.

Ipurua I guneari dagokionez, Ipurua IIra pasatzen diren kirol disziplinetarako gordetako tokiak, hala nola igerilekuak, kirol disziplina berriak jartzera edo daudenak osatzera bideratuko dira, kirol federatuko jarduera eta entrenamenduei leku gehiago eginez.

Proiektu honetako proposamenek Eibarko Kirolaren Plan Estrategikoaren ondorioak jaso eta bertan aurreikusitako erronkak beteko dituzte. Proposamena modu formalean aurkeztu zen uztailean egin zen azken Kirol Patronatuaren Zuzendaritza Kontseiluan eta, jarraian, egun batzuk barru, Kirol Mahaira eramango da, herriko kirol klubek haren berri izan, aztertu eta ekarpenak egin ditzaten.