Nafarroara egingo dute hurrengo irteera Deporreko mendizaleek

Nafarroara egingo dute hurrengo irteera Deporreko mendizaleek
2022/05/13 10:21
eta kitto!
Deporreko mendikoen hurrengo irteera Bidarrai herrian hasi eta Baztango Amaiurren amaituko da, tartean 967 metroko Alkazuri, 1.090ko Goramakil eta 1.078ko Gorramendiko tontorrak gaindituta. Guztira 19 kilometrotik gora duen ibilbidea egingo dute, 1.530 metroko desnibelarekin igotzeko eta beste 1.325eko desnibela jaistekorakoan.

Udaberrian egiteko irteera ezin politagoa da Deporrekoen hurrengoa, aipatutako tontor horietatik dauden bistak izugarriak direlako: “Alkazuritik Artzamendi, Larrun eta Haurza ikusi daitezke”. Baztan haraneko begiralekurik onena jotzen duten Gorramenditik, bestalde, “Lapurdi, Behe Nafarroa eta Gipuzkoako hainbat mendiren irudi txundigarriaz goza dezakegu”. Izena emateko edo informazio gehiagorako betiko bidetik jo dezake interesatuak: martitzen eta eguenetan Deporreko bulegoan (19:30-20:30) eta 943-201904 zenbakian.