Nazioarteko tropelik onena izango duen txirrindularitza proba aurkeztu zuten atzo

Nazioarteko tropelik onena izango duen txirrindularitza proba aurkeztu zuten atzo
2022/05/05 eta kitto!
Eibarko Txirrindulari Elkarteak prestatutako denboraldiko egitarauaren barruko laugarren proba jokatuko da etzi, goizeko 10:00etan Untzagan hasi eta eguerdiko 13:00ak baino lehen amaituko dena. Aurtengoa proba horretako laugarren edizioa izango da eta bertan parte hartuko dute hainbat herrialdetako 19 taldek, tartean Laboral Kutxa - Fundacion Euskadi, Sopela Women’s eta Bizkaia Durango euskaldunak. Estatuko beste zortzi talderekin batera, Kolonbia, Alemania, Frantzia, Austria, Herbehereak eta Arabiar Emiratoetatik etorritako seikoteak izango dira irteeran, guztira 114 txirrindulari.

Emakumezkoen UCI mailako lasterketak 112 kilometrotik gora izango du, Itziar, Meagas eta San Miguel gainak tarteko. Parte-hartzea, jakina, munduko txirrindulari onenek osatuko dute. Domekan 09:00etan hasiko dute taldeen aurkezpena egiten Untzagan eta handik ordubetera, 10:00etan, emango zaio hasiera lasterketari. Irabazlea 12:50ean bueltan helmugaratuko dela aurreikusten dute antolatzaileek, oraingoan dagoeneko herri barruan, Toribio Etxebarria kalean. Lasterketa streaming bidez www.clubciclistaeibarres.org) jarraitu ahal izango da eta, Valenciaga Memorialarekin egin zuten bezala, helikopteroa kontratatu dute azken kilometroetako irudiak eman ahal izateko.

Atzo Udaletxean egin zen aurkezpenean Jon Iraola alkatea, Angel Lopez Eibarko Txirrindulari Elkarteko presidentea, Juanjo Gozalo Txirrindularitzako Gipuzkoako Federazioko presidentea, Patricia Arrizabalaga Berdintasun zinegotzia eta Beñat Urain antolakuntza-zuzendaria izan ziren.