Orbeako spa konponduta, datozen asteotan zabalduko dute berriz

Orbeako spa konponduta, datozen asteotan zabalduko dute berriz
2023/01/11 eta kitto!
Orbea kiroldegiko spa itxita egon da azken hilabeteotan iragazketa-arazoak direla-eta. Horrela, abuztuan konponketa-lanak hasi zituzten eta, Udalak esan duenez, obrak amaitutzat eman dituzte. Orain, legionella bezalako bakteriorik ez dagoela ziurtatzeko azterketak egiten dihardute eta instalazioak aste batzuen buruan irekiko dituztela adierazi dute.

Udalak adierazi duenez, “esan behar da lanak denbora gutxian egitea espero bazen ere, ihesak gertatzen ziren puntuak detektatzeko prozedura espero baino konplexuagoa izan da eta, horren ondorioz, instalazioa itxita eduki behar izan dugu aurreikusitakoa baino denbora luzeagoan”.

Sparen urteko bonua kontratatuta zutenek instalazioa itxita egon den hilabeteei dagozkien zenbatekoa jasoko dute. Horretarako, itzulketa horiek izapidetzeko jarraitu beharreko prozedura zehaztu ondoren, erabiltzaileei helaraziko zaie informazio guztia.