Pello Osorok 10 minutuko aldearekin irabazi zuen Sevillako Half proba

Pello Osorok 10 minutuko aldearekin irabazi zuen Sevillako Half proba
2023/04/19 eta kitto!
Gure herriko triatletak nagusitasun handiz bereganatu zuen domekan Sevillan jokatutako X. Nutrisport Half Triatloia. Ia 600 parte-hartzaile izan zituen proban Osorok 3h37’07’’ko denbora egin zuen eta berarengandik 10 minutu eta 39 segundora helmugaratu zen Julen Diezek eta 17 minutu eta 51 segundora iritsi zen Alberto Gomezek osatu zuten podiuma, berarekin batera. Ohikoa bihurtu duen eran, gaur egungo neguko triatloiko Espainiako txapeldunak batez ere bizikleta gaineko tartean handitu zuen besteekiko aldea.

Estatuan jokatzen den denboraldiko distantzia erdiko lehen triatloian, Peñota Dental Alusigma taldearekin parte hartzen duen Osoro bosgarren postuan irten zuen uretako probatik, baina bizikletaren gainekoa amaitzerako lider zihoan, tartearekin gainera. Sevillako proba horretako emakumezkoen mailakoa Kat Mills-entzat izan zen, Lucia Blanco eta Rocio Muñozen aurretik.

Bestalde, Miguel Ledesma JAZ Eibar Triatloiko ordezkariak, lasterketa ezin bikainagoa eginez, zazpigarren postuan sailkatu zen. Proba igerian egiteko 1.900 metrokoarekin hasi zen eta horren amaieran Ermuko triatloilaria hirugarrena izan zen uretatik ateratzen. 86 kilometroko bizikleta gaineko proban ere ondo moldatu zen, arazoak izan bazituen ere aulkiarekin, beheraino jaitsi zitzaiolako. Eta azkenean antxintxiketan egin beharreko maratoi erdian ordura arteko postuari eutsi zion.