Porrota eta garaipena Eibar Rugbyko bi talde nagusientzat

0    Kirolak 
ETA KITTO ETA KITTO
Porrota eta garaipena Eibar Rugbyko bi talde nagusientzat
ETA KITTO 2022, Urr 26

Ohorezko Mailan jokatzen duen emakumezkoen taldeak oraingoan ere ezin izan zuen lehenengoko garaipena lortu eta Unben 22-29 makurtu zen Sant Cugat-en aurrean. Haizea eguneko protagonista bihurtu zen partiduan, obaloaren erabilera guztiz zailduz, eibartarrak hobeto moldatu ziren lehen zatian, baina bigarrenean kataluniarrek ondo jakin zuten etxekoen defentsan izandako akatsak aprobetxatzea. Hurrengo zapatuan eibartarrek Valladoliden jokatuko dute, El Salvador-en aurka, puntuak lortzea zaila izango dutela jakinean.

Euskal Ligan jokatzen duen gizonezkoen taldeak, bestalde, garaipen garrantzitsua eskuratu zuen Donostian jokatutako laugarren jardunaldiko norgehiagokan, Atletico San Sebastian garaituz (21-22). Eibartarrak nagusi izan ziren lehen 60 minutuetan, baloiaren jabe eginez, baina egindako jokaldiak ondo ez erabakitzeak azken minutuetan larri ibiltzea ekarri zieten. Azken jokaldiko transformazioak eman zien azkenean garaipena Ibarbururen mutilei.

Azkenik, 14 urtez azpiko Eibarrek denboraldiko bigarren seven txapelketa jokatu zuen domekan, Gasteizen oraingoan. Eibartarrek sei partidu jokatu zituzten Gaztedi, Arrasate, Zarautz eta At. Donostiaren aurka. Arrasate, Zarautz eta Atletico Donostiari irabazita, bakarrik Gaztedikoekin galdu zuten.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »