Puntu bakarrarekin, uzta eskasa Mecalbe Eibar Eskubaloi talde nagusientzat azken jardunaldian

Puntu bakarrarekin, uzta eskasa Mecalbe Eibar Eskubaloi talde nagusientzat azken jardunaldian
2022/10/04 10:18
eta kitto!
Txarto ohituta digutelako akaso, baina orangoan bi taldeen artean puntu bakarra poltsikoratu zuten jokatutako partiduetan. Egia esateko, 1. Maila Nazionalean jokatzen duen gizonezkoen taldea garaipenetik gertu egon zen, amaierara arteko tarte handienean aurretik joan zelako markagailuan. Ilcapo Hondarribia Bidasoaren kantxan lortutako berdinketan (34-34), irundarren azken gola “denboraz kanpo” izan zela badiote ere eibartarrek, epaileek balekotzat eman zuten. Mikel Zuloaga, Jon Barruetabeña eta Garikoitz Viguera, bakoitza zortzi golekin, izan ziren eibartarren goleatzaile nagusiak eta lehena, Zuloaga, multzoko goleatzaileen sailkapeneko gorenean jarraitzen du.

Emakumezkoen taldeak, bestalde, asko borrokatu bazuen ere, azkenean amore eman behar izan zuen Kukullaga Etxebarri taldearen aurrean (29-33). Hala ere, eibartarrek ondo erakutsi zuten zilarrezko mailan ere ez dela erraza izango eurak gainditzea. Ane Treviño, zazpi golekin, eta Irune de Castro, seirekin, izan ziren goleatzaile nagusiak, oraingoan ateari begira aurrekoetan baino talde eraginkorragoa izan zen taldean.

Datorren asteburuan gizonezkoen taldeak Beti Onak hartuko du Ipuruan eta, talde nafarra gurera etorriko den bezala, emakumezkoenak Iruñeako Helvetia Anaitasunari egingo dio bisita.