San Juan Sariaren 86. edizioa jokatuko da domeka goizean

San Juan Sariaren 86. edizioa jokatuko da domeka goizean
2022/06/13 eta kitto!
Eibarko Txirrindulari Elkarteak antolatuta, hilaren 19an probintzia mailako junior kategoriako lasterketa jokatuko da gurean, aurtengo egutegiko proben arteko azkena gure herriko elkarteak prestatutako egitarauan. Lasterketa anbulatorio aurretik irtengo da goizeko 10:00etan eta martxa neutralizatuan joango da Azitaineraino bertan lasterketa benetan hasteko. Txirrindulariek ia 100 kilometroko ibilbidea osatuko dute (96,9 kilometro) eta tartean hirugarren mailako bi mendate gainditu beharko dituzte: Mutrikutik igoko duten Kalbario 62,3 kilometroan eta errepide zaharretik igoko duten Azkarate 80. kilometroan. Azken horretatik Elgoibarko San Antolin errotondara jaitsi eta zuzenean Eibarrera etorriko dira, Toribio Etxebarriako helmugaren bila. Amaiera 12:30an izatea aurreikusten da.