Simon Aldazabal herri-lasterketaren 26. edizioa jokatuko da domekan

0    Kirolak 
ETA KITTO ETA KITTO
Simon Aldazabal herri-lasterketaren 26. edizioa jokatuko da domekan
ETA KITTO 2021, Ira 09

Arrateko Jaietako Kofradiaren egunak hartuko du aurtengoan Simon Aldazabal herri-lasterketaren edizio berria. Iaz ospatu zituen zilarrezko ezteiak proba horrek, pandemiaren eraginez urriaren 4an jokatu zen probarekin, parte-hartzaileak banan banan irten zuten lasterketa bereziarekin. Oraingoan ez da halakoetara jo beharko eta, ohikora bueltatuta, guztiek aldi berean irtengo dute. Irteera goizeko 10:30ean emango zaio lasterketari Toribio Etxebarria kalean, Klub Deportiboa talde antolatzailearen egoitzaren aurretik eta, Orbetik igota, helmuga Arrateko zelaian izango dute zain.

Izen-emateak doakoak dira eta egun berean egin ahal izango dira, 09:00etatik aurrera, Deporren bertan. Probaren amaieran sari-banaketa ekitaldia egingo da eta, antolatzaileek diotenez, hamaiketakoa ere izango da parte-hartzaile guztientzat.

Iazko edizioan Pello Osoro gizonezkoetan eta Maria Gallastegi emakumezkoetan izan ziren irabazleak. 2011n El Hassan Oubaddik lortutako 25 minutu eta 2 segundoko markak jarraitzen du indarrean, Nerea Amilibiak eskuratutako 32 minutu eta 4 segundokoarekin batera.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »