Teknologia Kiroletan ekimena hartuko du Errebal Plazak bihartik domekara bitartean

Teknologia Kiroletan ekimena hartuko du Errebal Plazak bihartik domekara bitartean
2021/12/09 15:38
eta kitto!
Bihartik domekara bitartean “Teknologia Kiroletan” izeneko jardunaldia egingo da Errebal Plazia eraikinean, Udaleko Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailaren eskutik. Azaldu dutenez, “ekimena StarUp berritzaileek garatutako teknologia berriak hedatu eta esperimentatzeko espazio bat izango da, herritarrei eta kirol-agenteei zabalik egongo dena. Bertaratzen direnek aukera izango dute teknologia horiek bertatik bertara ezagutzeko, aisialdiko formatu ludiko batean”.

Hiru egunetarako hainbat proposamen egingo dira. Barixakuko jardunaldia 17:00etatik 22:00etara izango da, zapatukoa 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 22:00etara eta domekakoa 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.

Jardunaldiei hasiera emateko, bihar bideo bat proiektatuko dute: bertan Eibarko kirolari ezagunek, tartean Odei Jainaga jabalina-jaurtitzaileak eta Asier Cuevas atletak, teknologia berriek beraien jardueran izan duten garrantziaren inguruko esperientziak kontatuko dituzte.

Antolatzaileen berbetan, “hiru jardunaldietan, hainbat proposamen eskainiko dira.  Lehena VIFIT izango da, entrenamendua eta fitness-ariketak gamifikatzeko errealitate birtualeko software bat.  Bigarrena ‘Futboltek’ izango da, futbolarien teknifikaziora eta jardunera bideratua. ‘Holocam’ proposamena jokalari-anitzeko instalazio bat da, kolaboratiboa eta familiartekoa, non dragoia garaitzeko jokalariek elkar komunikatzen eta taldean lan egiten ikasi behar duten. Eta laugarrena ‘Bike 360’ izango da, zeinak azterketa biometrikoen teknologia bat aurkeztuko baitu, bai eta indoor txirrindularitzako entrenamendu-sistema bat ere”.

Ekimena Eibarko Udalak kirolaren inguruko garapen ekonomikoa sustatzeko egiten ari den apustua indartzera dator. Ildo horretan, “Sportek Hub” proiektuan ere parte hartzen du; egitasmoa Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eibarko eta Donostiako Udalek, Eibarko Kirol Zerbitzuak, Realak, Eusko Jaurlaritzak eta Bic Gipuzkoak sustatzen dute, eta sektorean ekintzailetza teknologikoa eta berrikuntza bultzatzera bideratuta dago.