Txirrindularitzazaleen elkarretaratzeak Udaberri Saria lasterketaren tokia hartu zuen domeka eguerdian Untzagan

Txirrindularitzazaleen elkarretaratzeak Udaberri Saria lasterketaren tokia hartu zuen domeka eguerdian Untzagan
2023/03/06 16:51
eta kitto!
Eibarko Txirrindularitza Elkarteak egindako deialdiari erantzunez, Gipuzkoa guztitik etorritako txirrindularitzaren munduko ordezkaritza zabala izan zen atzokoan Untzaga plazan, junior mailako Udaberri Saria hastekotan zen toki berean lasterketa hori eta beste batzuk bertan behera geratu direlako protesta gisa. Asteburuan Gipuzkoan lehiatzekoak ziren lasterketa guztiak bertan behera geratzeaz aparte, datorren asteburuan jokatu behar direnek ere itxura bera doaz hartzen eta, ez bada arazoa konpontzen, maila apaleko txirrindulari askok prestatutako denboraldia ere pikutara joan daiteke. Lotura lanak egiteko motorren aseguruak ordaintzeko ezintasunak ekarri du egoera hau eta, lasterketa-antolatzaileek diotenez, “falta zen azken erematea izan daiteke”.

Atzo eguerdiko mobilizazioan elkarte ezberdinetako kideak eta bizikletazaleak bildu ziren egoera hori deitoratu eta ezagutarazteko asmoz. Santi Osoro Gipuzkoako Federazioko presidentearen hitzetan, “txirrindularitza kate bat da eta ezin da hautsi. Ez dago goi mailako txirrindularitzarik behean katea hausten bada. Egoera honetan jarraituz gero, antolatzaileen nekea areagotu egingo da, eta baita txirrindulari gazteena ere”. Hori dela-eta, eskuduntza dute agintariei egin zaie eskaera arazoari konponbidea ezartzeko lehenbai lehen.