Urbat waterpoloko talde nagusiak denboraldiko lehen porrota jaso zuen

Urbat waterpoloko talde nagusiak denboraldiko lehen porrota jaso zuen
2021/04/29 06:54
eta kitto!

Aurreko asteburuko zapatuan Donostiako Paco Yoldiren instalazioetan jokatutako partiduan gizonezkoen senior mailako Urbatek amore eman behar izan zuen Waterpolo Donosti talde berrituaren aurean. Hernani eta Fortuna batu egin dira talde horretan eta horrek ahalmen handiagoa eskaintzen dio hiriburuko taldeari, neurketaren hasieratik argi ikusi zenez: 3-0 nagusitzen zen bigarren zatiaren hasieran eta 5-3 hirugarrenaren amaieran.


Eibartarrek nahiko ondo jardun zuten defentsa lanean, baina gola sartzeko ez zuten bide argirik aurkitzen; hala ere, markagailuan 6-5ekora gerturatu ziren, azken gola jaso aurretik. Lehenengo itzulia amaitzeko jardunaldi bakarra falta denean, Urbatek 24 puntu ditu, zortzi garaipen eta porrot bakararrekin, eta bere borrero izandako Waterpolo Donostirekin berdinduta daude sailkapenaren gorenean.


Emakumezkoen taldeari, bestalde, aurkariaren exigentzia mailaren aurrean gogor egitea egokitu bazitzaion ere, azkenean hiru puntuak bereganatu zituen Leioa B taldeari Orbean 7-4 irabazita. Emaitza horrekin eibartarrak bigarren jarraitzen dute sailkapenean, zortzi jardunalditan lortutako 19 puntuei esker.


Gizonezkoen bigarren taldeak ere berri onak ekarri zizkigun azken jardunaldian, Orbean bertan Waterpolo Donosti B 14-6 gaindituta; taldeko teknikoen iritziz, “eskola-taldeak hobekuntza nabarmena erakutsi zuen norgehiagoka horretan”. Sei partidutan zazpi puntu eskuratu ditu eta beheko postuak atzean lagatzen doa.