"VI urte primeran" jaialdia egingo du gaur Eibar Foball Taldeak Untzaga plazan

"VI urte primeran" jaialdia egingo du gaur Eibar Foball Taldeak Untzaga plazan
2019/05/19 eta kitto!
Azken urteotako martxan, Eibar foball taldeak Lehen Mailan jokatzen jarraituko duela ospatzeko jaialdia antolatu dute.  2019-20 denboraldia Eibarko taldearen seigarrena izango da lehen mailan. Eta horrek ondo ospatzea merezi duelako, igande berezia izango da gaurkoa  taldearen jarraitzaileentzako eta herritar guztientzako. Ekitaldiak arratsaldean izango dira, Ipuruan 16:15ean hasiko den Bartzelonaren kontrako partidua amaitu eta jarraian. Zelaira joandako zaletuekin batera denboraldiaren amaiera ospatu eta gero, jaiak Untzagan izango du jarraipena: 18:30etik 19:30era Egoitz Txurruka mallabitarrak (DJ Txurru) jardungo du musika ipintzen. Eibar foball taldeari omenaldia, berriz, 19:30etik 20:00etara bitartean egitea dago aurreikusita eta, jarraian, Gatibu taldearen kontzertua hasiko da (20:00etatik 21:00etara). Hori amaitzean ordu erdiko etena izango du jaiak, eszenatokia aldatzen duten bitartean, eta 22:00ak aldera bigarren kontzertua eskainiko dute Su Ta Gar taldekoek, 23:30ak arte. Eta domeka izan arren, jaia luzatu nahi dutenentzat, DJ Txurruk jardungo du musika eskaintzen, 01:30ak arte.