Yeray Martinen taldea lidergoan dago Cacereño eta Deportivorekin berdinduta

Yeray Martinen taldea lidergoan dago Cacereño eta Deportivorekin berdinduta
2023/01/23 16:01
eta kitto!
Atzo Unben bana berdindu eta gero, Eibar KEko emakumezkoen lehen taldeak aukera polita galdu zuen lidergoan bakarrik geratzeko. Hala ere, berdinketarekin aipatutako bi taldeak harrapatu ditu sailkapenaren gorengoan. DUX Logroño aurkariak ere gertutik jarraitzen dio hirukoteari, bi puntutara. Errioxarrek aurrea hartu zuten markagailuan 51. minutuan, Rebeccaren golarekin. Eibartarrek martxa bat gehiago sartu zuten ondoren eta Andrea Alvarezek berdintzea lortu zuen 75. minutuan. Unben jokatutako partiduaren azken minutuak oso intentsoak izan ziren eta Eibarrek aukera izan zuen baita irabazteko ere, area barruan izandako esku batek Kenni Thompsonen botetan jarri zuelako 2-1ekoa egitea, baina Raquel Poza Logroñokoen atezainak gelditu egin zuen jaurtiketa.

Hurrengo jardunaldian Eibar FT-k Athletic Clubeko B taldeari egingo dio bisita Lezaman, zapatu eguerdian (12:30) jokatuko den norgehiagokan. Partidu horretarako entrenamendu-saioak honela antolatu dituzte: gaur 12:00etan anexoan egindakoaren ondoren, bihar atsedena hartuko dute, eta hurrengo hiru egunetan egunero izango dituzte prestaketa-saioak. Eguaztenean 11:30ean Unben izango dira, eguenean 11:15ean toki berean berriro eta, azkenik, partiduaren bezperan, Ipuruako anexoan entrenatuko dute 10:00etatik aurrera.