Zapatuan Elorrion hasiko den Euskal Herriko 31. Txapelketak emango dio hasiera hiru txirlo denboraldiari

Zapatuan Elorrion hasiko den Euskal Herriko 31. Txapelketak emango dio hasiera hiru txirlo denboraldiari
2021/10/14 eta kitto!
Gauzak bere onera bueltatzen ari diren sasoi honetan hiru txirlo kirol modalitatea ere bolatokietara itzuliko da. Zapatu honetan, 17:00etan hasiko den tiraldiarekin, Euskal Herriko 31. Hiru Txirlo Bola Joko Txapelketak bere lehen jardunaldia biziko du Elorrioko Argiñetako bolatokian.

Txapelketak beste hiru jardunaldi izango ditu, horiek ere hurrengo zapatuetan jokatu beharrekoak: Soraluzeko San Andresen urriaren 24an, Markina Xemeingo Lauzirikan azaroaren 6an eta Azpeitiko Garmendipen azaroaren 13an. Edozer gertatuta ere, Eibarko Asola Berri izendatu dute ordezko bolatoki; eta bola ofiziala 7 zenbakiduna izango da, eta ordezkoa 9a.

Ohikoa denez, txapelketa amaitu eta hurrengo zapatuan, azaroaren 20an, Lehendakari Txapela jokatuko da Euskal Herrikoan 64 lehenengoko sailkatuen artean. Egun horretakoa Ziortza-Bolibarko Iruzubietako bolatokian jokatuko da, hori ere 17:00etan hasita, eta honako sariekin: 300 euro eta txapela irabazlearentzat, 200 euro bigarrenarentzat eta 100 hirugarrenarentzat.

Hiru Txirlo Bola Jokoak antolatutako txapelketak Bola Jokorako Euskal Federazioaren laguntza du, eta zapatuan Elorriokoan bola frogatzeko aukera librea 15:30ean  zabalduko dute eta 16:15etik aurrera txapa jarriko da martxan, euro bat ordainduta bakoitzak bi bola jaurtitzeko aukerarekin. 17:00etan abiatuko den txapelketan parte hartzeko, bestalde, bost euro ordainduta hiru botaldi izango du bakoitzak. Sariei dagokienez, honakoak izango dira sei lehenengoek irabaziko dutena: 65 euro irabazleak, 50 bigarrenak, 35 hirugarrenak, 20 laugarrenak, 10 euro bosgarrenak eta ustekabekoa seigarrenak.